201, 203 aretoak
Lurraren arteak erakusketak Antropozeno izenez ezagutzen dugun aro geologiko postindustrial honen errealitate konplexuak aztertzen ditu ezinbestean. Bizi dugun desoreka ekologiko globala konpontzeko estrategiek praktika modernoak zalantzan jartzea eta haiek eragindako kalteak aitortzea eskatzen dute. Era berean, berreskuratu eta aintzat hartu beharrekoak ditugun antzinako jakintzen eta bai laguntza bai inbertsioa galdegiten duten aurkikuntza berrien arteko topaketa askatzaileak dakartzate berekin: beti-betikoa denaren, berrikuntzaren eta aktibismoaren arteko elkarrizketak. Euskal Herriko tresna eta lanabesek, baita Iberiar penintsulan dauden bestelako laborantza-tradizio batzuetakoek ere, planetan bizirik iraun ahal izateko borrokan diharduten komunitate indigenen —esaterako, Amazoniakoen— adierazpideetara jotzen dute antzekotasun bila. Komunitate horiek dituzten egiteko moduek eta beren bizimodu zentzudunek garrantzi handiko biotopoen biziraupena —haien emankortasuna, hondamendien aurrean duten erresilientzia— bermatu dute milaka urtez. Era berean, artearen, arkitekturaren eta agrobotanikaren arteko erdibidean dauden konfigurazio berriak agertu izanak tirabirak azaleratzen ditu ezinbestean. Objektu kulturalak lurrean bertan konpostatzeak edo “berbasatzeak” talka egiten du sinbolikotasunaren eta erabilgarritasunaren arteko distantzia bestelako argitan begiratzen duten ekosistema-azterlanekin; ingeniaritza esperimentalak eta eraikuntza-hipotesiek, berriz, aurrerapen teknikoaren eta interes planetarioaren arteko botere-erlazioa iraultzea dute xede.


