302 Aretoa. Artea eta gatazka
Hainbat lengoaia eta material artistiko baliatuta indarkeriaren esperientzian eta haren arrastoetan murgiltzen diren begiradak biltzen dira areto honetan: agerikotik ezkutura, estrukturaletik intimora. Irakurketa bakarreko erantzunak eskaini beharrean, lanok deserosotasunetik edo anbiguotasunetik interpelatzen gaituzte, eta irudikatzen dituzten gertaeren konplexutasunari buruz gogoeta egiteko ezinbestekoa den behaketa bare eta arretatsuari ematen die bide.
Doris Salcedok eguneroko objektuak eskultura bihurtzen ditu, Kolonbiako gatazka armatuan etendako bizitzen oroigarri. Era horretara, artistak hezurmamitu egiten du galera, eta dolurako eta hausnarketarako guneak sortzen ditu. Mona Hatoumek objektu mehatxagarriak egiten ditu etxeko tresnetatik abiatuta; horrela, aditzera ematen du ezaguna zaiguna arriskutsu bihur daitekeela, eta agerian uzten du etxeak berak ezkutatzen duen zaurgarritasuna. Gerra bat egon zen lanean, Baxar al-Assadek Sirian ezarritako diktadurapean atxilotu, torturatu edo desplazatutako zibilen hitzak jasotzen ditu Jenny Holzerrek. Haien sufrimendua argizko testu gisa agertuz doa zutabean zehar, eta irakurtzera, sentitzera eta ez ahaztera bultzatzen gaitu. Akropolia orain, Kendell Geersen hesi ikaragarria, elementu disruptibo gisa dago txertatuta Frank Gehryk diseinatutako aretoaren forma organiko eta jariakorren baitan, espazioan barrena zirkulatzeko gaitasuna mugatzeko. Lan horren izenburuak aditzera ematen duenez, mota horretako alanbre-hesiak mendebaldeko zibilizazioaren monumentu arkitektoniko gisa gogoratuak izan bide dira etorkizunean. Azkenik, aretoan ikusgai dauden gainerako piezek milioika pertsonaren bizitza baldintzatu zuten hainbat gatazka historikori heltzen diete: maila kolektiboan zein indibidualean eragiten duten gerrak, erregimen autoritarioak eta inposaketa ideologikoak.
Liskarrek, gerrek eta desberdinkeriak sakonki kolpatutako mundu honetan, isilarazitakoari ahotsa emateko eta irudikaezina dirudienari forma emateko gune izaten jarraitzen du arteak. Indarkeriari —estetizatu eta arindu gabe— aurrez aurre begiratzera eta arteak memoria deseroso bezain premiazkoen eraikuntzan bete dezakeen eginkizunaz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu hemen bildutako artelanetako bakoitzak.



