307 Aretoa. Artea eta lengoaia
Jacques Lacan pentsalari frantsesak zioen bezala, hizkuntzak mugatu bezainbeste eraikitzen gaitu. Hizkuntzaz baliatuta —gure pentsatzeko eta erlazionatzeko modua moldatzen duen arau- eta esanahi-sistema konplexua den aldetik— areto honetako artistek errealitatea zalantzan jartzera, memoria berreraikitzera eta nor garen zehazten duten egitura kulturalez jabetzera gonbidatzen gaituzte.
Jean-Michel Basquiaten mihisea betetzen duten hitzak eta zeinuak haren arte-merkatariarengandik jasandako esplotazioari egindako kritika sendoa dira: artelana kosifikazioaren aurkako erresistentzia eta autoafirmazioaren ikur bihurtzen da. Ibon Aranberrik, aldiz, berrinterpretatu egiten ditu Euskal Herriko erakunde kultural eta politikoentzat Eduardo Chillidak diseinatu zituen anagramak eta logotipoak; memoria kolektiboan errotutako ikur kulturalak dira, baina haien jatorrizko esanahia denborarekin lausotu ahala zentzu berriak hartzen dituzte.
Nancy Dwyerrek nahiz Juan Pérez Agirregoikoak, umorea eta ironia oinarri hartuta, ikuspegi kritiko batez aztertzen dituzte hizkuntza eta masa-kultura. Dwyerrek hiru dimentsioko eskultura bihurtzen ditu hitzak, eta horien forma eta kolore deigarriek kontraste bizia sortzen dute esanahiarekin, diskurtso publikoa manipulatzeko mekanismoak nabarmenduta. Era berean, Pérez Agirregoikoaren pankartetako esloganek bulkada, kezka eta kexa kolektiboak islatzen dituzte, norbanakoaren nahiaren eta kanpoko kontrolaren arteko tentsioa agerian uzteko. Bere hitzek inposizio sozialak erakusten dituzte, obedientzia zalantzan jartzen dute, eta iraultza kultural posible bat planteatzen dute. Bestetik, Erlea Maneros Zabalaren kobrezko xaflek Sine Nomine aldizkari klandestinoaren azalak erreproduzitzen dituzte. Horietan, letra eta zeinu bakoitza euskal herritarrek frankismo garaian ekindako borroka kultural eta sozialaren lekuko da; era horretan, forma, eduki eta dokumentu historiko gisa jorratzen du hizkuntza. Azkenik, Hanne Darbovenek, zenbaki, letra eta ikurren egitura konplexuen bidez, denbora neurtzeko eta erregistratzeko modu berriak sortu zituen, konbentzio kronologikoak gaindituta.



