Abstrakzio Geometrikoa, 1953–1956
1952ko abuztuan, Lygia Clark Rio de Janeirora itzuli zelarik, Arte Konkretua garatzen hasia zegoen Brasilen, lehenbizi 1952an Grupo Ruptura delakoaren sorrerarekin São Paulon, eta gero 1954an Rio de Janeiron Grupo Frente-rekin. Bigarren horri batu zitzaion Clark, bere garaikide Aluísio Carvão, Willys de Castro, Hélio Oiticica, Lygia Pape eta Ivan Serpa-rekin batera. Bere São Pauloko baliokidearen gisan, Grupo Frentek bereganatu zituen Europako Arte Konkretuaren ideologiak eta bat egin zuen forma hutsaren eta objektibitatearen printzipio estuekin, zeinak kontrajarriak baitzeuden lehenbiziko aroko brasildar modernitatean nagusi ziren naturalismoari eta figurazioari. Bereziki, Clarkek estetika geometriko berezia hautatu zuen Brasilgo Abstrakzio Geometriko modernoaren goraldiaren baitan, eta parte hartu zuen taldearen erakusketa kolektiboetan 1954 eta 1956 artean.
Atal honetan erakusten dira Clarkek 1953an sortu zituen konposizio geometriko zehatzak eta planoaren konbentzio espazialak auzitan jartzera bultzatu zuten beste sail garrantzizko batzuk, hala nola baitira Lerro organikoaren aurkikuntza eta Markoa hautsiz (biak 1954koak). Gainera, atal honetan ikusgai daude, bitrinetan gordeta, hiru eredu arkitektoniko: Barnealde-maketak (1955), artistak espazio dinamikoaz zeukan kontzeptuaren erakusgarri. Bere antzinako maisu Fernand Léger eta Roberto Burle Marx-en eraginaren ondorioz nolazpait ere, maketa hauek agerian uzten dituzte artearen eta arkitekturaren arteko harremanari buruzko Clarken ikerketak, zeinak geroago mamituko baitziren bere Gainazal modulatuak (1955) saila osatzen duten egitura leun, lau eta modularrekiko pintura asto-gainekoetan. Jadanik 1956rako Clarkek hautatu zuen kromatismo bat biziagoa eta nabarragoa, zeina erabiltzen baitzuen konposizio abstraktuetan forma sigi-sagako eta diagonalekin, angelu zuzen eta patroi erritmikoekin.