ZUHAITZAK (2013─2016)
1989an, Oehlenek margolari abstraktu bihurtzea erabaki zuen eta zuhaitzaren motiboa hasi zen erabiltzen bere pinturaren gai bezala. Piet Mondrian-ek zuhaitzetik abiatuta forma figuratiboaren desegitea ikertu zuen moduan, Oehlenek baliabide hau erabiltzen du “artelanak metodikoki edukiz biluzteko”.
Serie honetako irudiek zuhaitzen itxura eta kolore beltza duten eskema-formak erakusten dituzte: enborrek eta adarrek Oehlenek ordenagailuz egindako marrazkien antzeko silueta dute, pintzel eta olioz eskuz arreta handiz margotu diren arren. Egilearen ustez: “Lerro beltz horiek hondo magenta baten gainean jartzen ditudanean, zerbait kezkagarria gertatzen da. Magenta histeriaren kolore bat da, nolabait esateko. Niretzat, zuhaitz psikopatikoak ematen dute: giza zuhaitz psikopatikoak”.
Zuhaitzen adarren egitura kaotikoak eta eragabeak pintzelkadek nora eramango duten jakin gabe lan bat sortzen hasteko aukera ematen diote artistari. Erditik abiatuta, adar bakoitza aurreko elementuaren erreakzio bat denez, aurretik ez dago ezer finkatuta, Oehlenek erabiliko dituen koloreak besterik ez.
Koadro horiek polietilenoz estalitako aluminiozko xafla baten gainean pintatu zituen. Material horiek publizitate-panelen itxura ematen diete. Margolariak berak haien inguruan honako hau dio: “Gustuko dut zurruntasun hori; ematen du teknologia modernoa dela, eta askoz errazagoa da material horren gainean pintatzea mihisean baino. Ez nuen beste gainazal baten bilatzen, besterik gabe probatu eta gustuko izan nuen”. Ezusteko aldaketa hauek ohikoak dira Oehlenengan, eta senak bultzatzen dituen arren, kalkuluaren emaitza ere badira.