Aurreneko urteak, 1948–1952
Bere artista ibilbidearen aurreneko aroan, Lygia Clarkek, ikatz-ziriz egindako marrazki eta olio-pinturen bitartez, tradiziozko gaiei heltzen die, hala nola baitira erretratua, natura hila, etxeko nahiz estudioko barnealdeak, paisaia eta arkitektura. Obra hauek azaltzen dute Clarkek garatutako lerroaren, formaren, kolorearen eta espazioaren trataera goiztiarra, zeina geroagoko sorkarien funtsezko oinarria izango baitzen. Roberto Burle Marx eta Zélia Ferreira Salgado artista brasildar modernoekin Clarkek egindako formazio ez-akademikoak elementu garrantzizkoak ere eman zizkien bere aurreneko obrei, hala nola kromatismo autoktonoa, forma estilizatua eta gainazalaren lautasuna.
Parisko egonaldi laburrean, 1950 eta 1952 artean, jarraitu zuen Clarkek garatzen bere abstrakzioaren ikuspegi berezia. Bertan, Fernand Léger eta Árpád Szenes maisu modernoekin pintura ikasi zuen laburki; izan ere, Szenes Rio de Janeiron bizi izan zen erbesteratu moduan Maria Helena Vieira da Silva-rekin 1940 eta 1947 artean. 1952az geroztikako Clarken produkzioak baditu, grafitozko marrazkiak eta arkitekturen pinturak ez ezik, geometria prismatikoen eta forma triangeluar zorrotzen konposizio kromatiko modularrak ere. Rio de Janeirora itzuli aurretik, 1952ko ekainean egin zen bere bakarkako lehenbiziko erakusketa Parisko L’Institut Endoplastique-n, non seguraski erakutsiko baitzen sail honetan sartu diren obra hautatuen sorta bat.