Aurrez aurreko marrazketa

1930eko hamarkadako Depresio Handiak akademia uztera eta New Yorkeko City College-ko irakasleentzako ikastaro batean matrikulatzera behartu zuen Krasner, han prestakuntza doakoa baitzen. Ikasten ari zela, Job Goodman-en aurrez aurreko marrazketa-eskoletara joaten hasi zen Greenwich House-n. Goodman Thomas Hart Benton pintore erregionalistaren dizipulua izan zen eta Michelangelo bezalako Errenazimentuko maisuetan inspiratutako marrazketa-metodo klasikoa defendatzen zuen. Hemen aurkezten diren obrek Krasnerrek gorputz biluziaren aurrean zuen desinhibizioa erakusten dute, eta nola erabiltzen zuen Conté arkatza modeloen giharrak nabarmentzeko.

1937an, Krasnerrek beka bat lortu zuen Hans Hofmann-en eskolan ikasteko; modernitatearekin loturiko artista alemaniar bat zen Hofmann, eta Parisen bizi eta lan egin zuen Picasso eta Matisserekin batera, zeinak Krasnerrek “jainkotzat” jotzen baitzituen. Hofmannek kubismo analitikoaren bertsio bat irakasten zuen, eta bereziki interesatua zegoen planoaren eta tridimentsionalitatearen arteko tentsioan; berak obraren baitako “tirabira” deitzen zuen. Krasnerrek abstrakzioan egindako lehen urratsak erakusten dituzte hemen azaltzen diren marrazkiek.