BEGIRADA BAT UNIBERTSOARI ETA HISTORIARI

Turtziozko Eskolako 1. eta 6. maila bitarteko 33 ikasle

Irakasleak: Elena Edesa, Gaizka Errasti, Iñaki Tera, Roberto Canales, Aida Falces eta Unai Toral
Artista: Ibon Garagarza
Arloak: Natura eta Gizarte Zientziak
Hizkuntza: euskara

Turtziozko Eskola unitarioan, Bizkaiko Turtzioz herrian, zenbait proposamen artistiko gauzatu zituzten hezkuntza- curriculumeko bi gai-arlo indartzeko: unibertsoa eta historia. Talde handia izaki, Lehen Hezkuntzako maila guztietako ikasleek elkarrekin lan egiten baitute, posible izan zen gaitasun, ezagutza eta interes ezberdinak bateratzea. Ikasleak kalera irten ziren eta herriko hainbat eremu erabili zituzten margotzeko: frontoia, jantokia, plazak, ibaia... Arte-tailer inprobisatu bat ematen zuen Turtzioz osoak.

Hubble teleskopioak hartutako irudien edertasunak inspirazio-iturri gisa balio izan zion taldeari unibertsoaren irudikapenak sortzeko. Espresionismoaren teknikak erabiliz, nebulosak, planetak, izarrak eta meteoritoak irudiztatu zituzten pintura-mota desberdinak eta hainbat tresna baliatuta (pintzelak, brotxak, sprayak, belakiak), keinuari zeharo lotuta eta neurri batean zoriaren mende dagoen prozesu baten bidez. Hubble teleskopioaren grabazioak emulatzeko, bideo bat grabatu zuten beren pinturei mugimendua emanda eta espaziorako soinu-banda bat asmatu eta birsortuta.

Horren guztiaren ondoren, historiaurreko arte megalitikoa aztertu zuten arreta leku jakin batzuetan jarrita, nola diren Stonehenge eta Carnac, baita Turtzioz ere, tumuluak eta harrespilak baitaude bertan. Lurraldeko leku nabarmen edo berezietan kokatzen zituzten edo heriotza bezalako une garrantzitsuak markatzen zituzten harrizko eraikuntza horietan oinarrituta, ikasleek arte-ekintza bat prestatu zuten. Egunkariekin eta aldizkariekin, eskaiolaz eta latexez estalitako harri artifizial handi batzuk sortu zituzten, berentzat bereziak edo esanguratsuak diren lekuak edo pertsonak markatzeko: lagunak, familia, adinekoak, herriko eliza barrokoa... eta harri-metaketa edo -zirkuluekin seinalatu zituzten.

Azkenik, collage handi bat egin zuten hainbat ezaugarri eta testuratako hondakinekin; hondakin horiek eskolak urtero antolatzen duen garbiketa-lanean bildutakoak ziren, eskola inguratzen duten eta herria zeharkatzen duten bi ibaietan.

PROIEKTUEN BILATZAILEA