CALL CENTER, 2014-2016

Call Center Beretta pistola erraldoi baten itxurapean aurkezten zaigu, pilatutako 168 telefono beltzez osatuta, denak modelo berdinekoak. Hamarnaka telefonoz egindako Beretta pistola baten itxura hiperbolikoak komunikazio masiboak eragin dezaken indarkeriari erreparatzen dio zuzenean. Izenburuak, komunikazio-objektu horiei lotuta, call center ugarik berezkoak dituzten gehiegizko manipulazioa eta gizagabetzeari erreferentzia egiten dio, itxuraz. Arma batek ezin du alde batera utzi daukan indarkeria-karga, hura erabiltzeko arrazoia oso zintzoa izanda ere; era berean, eskala handiko komunikazioa, normalizatua, kontrolatua eta manipulatzeko helburua duena, beti izango da banakakoaren berezitasun anitzak mugatzen dituen jarduera bat.

Artistak ezarritako erronkari erantzunez, Jonas Runa musikariak sinfonia elektroakustiko bat konposatu du telefono-soinu gisa. Soinu bakoitza zertxobait aldatu da, nota desberdinak sortzeko, eta horrek lana musika tresna bilakatzen du. Zintzilik dauden aurikularretako batzuek eta, batez ere, “pistolaren” barneko kanoian instalatutako bozgorailu indartsuak sinfonia elektroakustiko berezi eta bizi honetan integratutako baliabide elektroniko moduan funtzionatzen dute, gu inguru anitzetara eramateko.

Call Center lanak eguneroko bizitzako eta garai zehatz bateko objektuak biltzen ditu, horiek soinu-dimentsio batera konektatzen ditu eta, deslokalizazio jarduera burutsuen bidez, lan irekia, dimentsio anitzekoa eta denboragabea eskaintzen digu.