MIRARIEN GANBERA, 1943–2010

Areto honetako “mirarien ganbera”n artistak askotariko lanak egiteko zuen erraztasuna jasotzen da: hainbat formatuko lanak daude 1943 eta 2010 artean hainbat materialez egindakoak. Erakusketak espazio handiak ezaugarri dituen arren, eskultura, maketa eta marrazki txikien bilduma honek ere artistaren ibilbide osoko ikuspegia eskaintzen du, eta haren ardurak eta obsesioak islatzen ditu. Artelan guztiek espazioaren egituraketa dute gai: etxeko espazioa, espazio fisikoa, isolatutako espazioa eta espazio sinbolikoa. Bourgeoisentzat arkitektura baliabide aktiboa zen, oroitzapenak aztertzeko, bere burua aurkitzeko eta barruko ezinegona ateratzeko.

Espazio erreal eta sinbolikoak obsesionatzen zuten Bourgeois eta nabaria da eskultura guztietan. Emakume etxea (Femme maison) izeneko lanetan, espazioa asmatutako eraikin bat da; Errektore etxea (The Rectory, 2002), aldiz, benetako eraikin bat da. Emakumearen gorputza gela bat edo ezkutaleku bat izan daiteke, Gordeleku izeneko eskulturetan moduan.

Lehen eskultura-objektuak 1940ko hamarkadan, erdialdetik amaiera bitartean, sortu zituen, eta horien adibide ditugu Pertsonaiak (Personages). Zurezko 80 bat eskultura dira —asko brontzez galdatu zituen artistak gerora— eta saileko izenburuak frantsesezko “personne” hitza du jatorri: “personne” “pertsona” esan nahi du, baina baita “inor ez” ere. Eskultura batzuek Bourgeoisek 1938an New Yorkera alde egin baino lehenagoko pertsonak aipatzen dituzte, artistaren Frantziako iraganekoak beraz. Pertsonaiak taldekatuta daudenez, bata bestearekin harremanetan, indar psikologiko handiko giroa pizten dute.

Kokapenak, bata bestetik hurbil zein urrun egoteak, eta horrek bisitariarekiko sorrarazten duen harremanak Pertsonaiak giro-artearen eta instalazio-artearen ekarpen goiztiar bihurtzen dituzte.