Biluziak eta Kaneforak
1922an, garaiko artistak ezustean harrapatu zituen Braquek Udazkeneko Erakusketan Kaneforak(Canéphores) lanak aurkeztu zituenean. Emakumezkoen figura horiek, Antzinate klasikora eramaten gaituztenak, Jean Goujon-en Inozenteen Iturria klasizismo frantziarraren obra ospetsuko Ninfenantzekoak ziren. Braqueren figurak, horien tamainak eta kolore antiakademikoak aintzat hartuta, Kubismoaren azken garaikoak dira oraindik ere, eta hogeigarren hamarkadan Corot eta Chardinek liluratutako Braque “ordenara” eta arte figuratibora itzultzearen konplexutasuna islatzen dute.
1931n, Hesiodo (K.a. VII. mendea) poeta greziarraren Teogonia lana ilustratu zuen Braquek, Ambroise Vollard arte-merkatari, editore eta grabatu-zalearen enkarguz. Unibertsoaren sorrerari eta jainkoen jatorriari buruzko kontakizun hau Greziako mitologiaren testu nabarmenetako bat da. 1932 eta 1935 bitartean, hamasei akuaforteko sail bat egin zuen artistak, geroago, 1955ean, Maeghtek argitaratu zuena. Artelan hauek, garaiko figura mitologikoek eta natura hilek bezalaxe, estilo lerromakurra eta pertsonaien metamorfosirako aproposa dute.