EGERIA, 2018
Egeria lan monumentala Guggenheim Bilbao Museoko Atriorako bereziki sortu da, eta Walkiriak multzo garrantzitsuko lan handienetako bat da, Eskandinaviako mitologiako emakumezko pertsonaiak inspirazio iturritzat hartuta Vasconcelosek sortu zuen sailekoa. Bertako lanen artean, Veneziako Palazzo Grassi jauregia, Versailles Jauregi ospetsua, ARoS Aarhus Kunstmuseum eta Tel Aviveko Arteko Museoa bezalako guneetarako egindako obrak daude.
Sabaitik zintzilikatzeko sortu diren pieza ikoniko horiek ezohiko itxura organikoa dute bereizgarri. Walkiria delakoek nabarmen eboluzionatu dute lehenengo lana sortu zenetik, 2004. urtean. Egeria instalazio handiak Museoko Atrioa okupatuko du, Frank Gehry-ren arkitekturarekin elkarrekintzan, eta baita kanpoaldearekin ere, beirazko horma handien bidez. Forma erraboilkara iradokitzaileak eta beso luzangak gorputz nagusitik atera, eta eraikineko maila desberdinetara heltzen dira. Egeria lanak kolore aukera oparoa, askotariko ehundurak eta xehetasun aberatsak jarriko ditu erakusgai: industria ehundurak eta artisau teknikak modu bikainean uztartzearen emaitza; esaterako, txatalen lana, aleekin eta beira-aleekin egindako brodatua eta kakorratza. Lan ausart honek hamaika led bonbilla ere hartzen ditu barne, eta horiek guztiek argi joko zoragarria sortuko dute. Egeria lanak emakume zaindari adeitsu baten zereginak hartzen ditu beregain Museoaren bihotz bikainean, eta emakumearen espiritu sortzailea islatzen du.