Egun adina zeru

Zaragueta IPI, Orio

6. mailako 12 ikasle, Zaragueta IPI, Orio
Irakasleak: Eli Aldabaldetreku
Artista: Maider López

Zer aldaketa eragiten ditu denborak naturan? Eta geure buruarengan? Nola eragiten digu egutegiak eguneroko bizitzan? Eta emozioetan? Nola doaz aldatzen zerua eta ingurunea orduetan, egunetan eta hilabeteetan zehar? Proiektua garatu ahala, egutegiak naturan eta gizakiengan dituen ondorioak aztertu zituzten ikasleek, eta zerua, giroa eta gure sentsazioak denboraren joanarekin nola aldatzen diren ikusi zuten.

Ilargiaren zikloa, solstizioak, argi-orduen aldaketa, hostoen erortzea eta urtaroen trantsizioak bezalako fenomenoak aztertu zituzten ikasleek, eta ingurune naturalari eta haren erritmoei modu sentikorrean begiratzen ikasi zuten.

Artea, zientzia, emozioak eta gorpuztasuna uztartzen zituen diziplinarteko proposamen baten bidez, ikasleek hodeien lekualdatzea, egunaren eta gauaren arteko txandakatzea eta ilargiaren faseak irudikatzen zituen “mugimendudun zeru” bat eraiki zuten txotxongiloetan inspiratuta. Hura prestatzen ari zirela, izartegia egunero behatzeko eta zeruaren eta emozioen arteko loturaz hausnartzeko gonbidapena luzatu zitzaien, eta egutegiak, klimak eta ongizate emozionalak elkarrekin zerikusia dutela ikusi zuten horrela.

Urtaroen aldaketak ere jorratu zituzten hosto erorkorreko zuhaitzak behatuz, haien eraldaketak aztertuz eta fase bakoitza koloreen eta formen bidez irudikatuz. Jarduera hori taldeko ekintza batekin amaitu zuten: denboraren joana naturan nola islatzen den eszenaratu zuten, bere gorabehera sotil eta progresiboetan arreta jarrita.

Proiektu honi esker, denborarekiko kontzientzia, behaketarako gaitasuna, artearen eta gorputzaren bidezko adierazpena eta talde-lana garatu ahal izan zituzten. Aldaketen aurrean jarrera ernea eta moldakorra izatea sustatu zuen ekimenak, ingurunea etengabe aldatuz doan prozesu dinamikotzat hartuta.