MUNDUAREN ANTZERKIA ETA ZUBIA

208 ARETOA

Huang Yong Ping-en instalazio arkitektoniko hau, bi zatitan banatua, bizitzaren agertoki bat da. Zubia kaiola-egitura izurtu bat da, arku baten formakoa, eta haren barruan sugeak eta dortokak mugitzen dira animalia mitologikoak irudikatzen dituzten brontzezko eskultura txinatarren artean. Zubia obraren azpian Munduaren antzerkia dago, dordoka-oskol baten formako egitura bat, barruan narrastiak eta ehunka intsektu dauzkana, bizirik denak.

Huang-en diseinuak panoptikoa gogorarazten du, Jeremy Bentham XVIII. mendeko filosofo ingelesak asmatu zuen kartzela-eredu bat, non esparru osoa puntu zentral bakar batetik zelatatu baitaitekeen, Foucault-ek berriz aipatuko zuena bere Surveiller et punir obran (1975), gizarte modernoek pertsonak kontrolatzen dituzten moduaren metafora gisa. Huang-en instalazio hau berebat dago inspiratua Xuanwu izeneko izaki mitologiko eta jainko taoistan; animalia hibridoa da, suge-burua eta dortoka-gorputza dauzkana (sinbolikoki, horiexek dira kosmologia txinatarreko animaliarik indartsuenak, eta, kontakizun batzuen arabera, haien bateratzetik sortu omen zen unibertsoa). Kosmologia eta magia taoistan, Foucaulten teorietan —modernotasuna kartzela gisa—, eta globalizazioaren gaitzei buruzko debateetan oinarrituta, Huang-ek idatzi zuen:

Intsektuen zoo bat ote da Munduaren antzerkia? […] “Intsektuen” jarduerari behatzeko espazio bat? Sistema itxi bat eratzen duen forma arkitektonikoa? Panoptiko baten eta intsektuak edukitzeko xamanen praktikaren arteko gurutzaketa? Herri eta kultura desberdinen arteko gatazkaren metafora bat? Edo, areago, gu [kaosa] antzinako karakter txinatarraren irudikapen moderno bat?