ESKULTURAK

1950eko hamarkadaren hasieran, Arthur Drexler zenak “gurpildun eskultura huts” gisa deskribatu zituen automobilak. Baieztapen hori berresteko asmoz, areto honetan elkarrekin ageri dira xx. mendeko automobilik ederrenetako lau eta garai bereko artista gailenetako biren eskulturak: biribilgune leunez osatutako Figura erdi-etzana, Henry Moorerena, eta etengabeko mugimendu arinean ari den Urtarrilak 31 mobil erraldoia, Alexander Calderrena.

Aretoko ibilgailuak beren bikaintasun teknikoagatik gailentzen dira —haietako bi seriean egindako ibilgailurik azkarrenak omen dira—; hemen, ordea, beren lerro jariakorren edertasuna goratu nahi dugu.

Artelan handiek bezala, Bugatti Type 57SC Atlantic, Hispano-Suiza H6B Dubonnet Xenia eta Pegaso Z-102 Cúpula autoek aparteko balioa dute, adituentzat egindako edizio mugatuak baitira. Seriean ekoitzia izan arren, Bentley R-Type Continental modeloaz ere 200 ale inguru baino ez ziren fabrikatu. Autogintza mota horren eta artista baten estudioko lanaren arteko beste parekotasun bat automobilon karrozerietan datza, artisau erara banan-banan moldeatuak baitira, kurba konposatuak sortzeko metala eskuz tolestuta eginak. Atlantic autoa, Jean Bugattik sortua, hainbat belaunalditan artearen eta arkitekturaren munduan buru-belarri aritutako familia bati lotua egon zen. Automobilaren ondoan, Pantera zelatan eskultura dago ikusgai, Jeanen osaba Rembrandt Bugatti artistak egina. Bi lanek mugimendua dakarte gogora.