FOUR SONGS

Alegoria-formako lau narrazio musikalek osatutako bilduma. Irudiak eta soinuak bat egiten dute, norbanakoak inguruarekin daukan dinamika psikologiko eta emozionalean oinarritutako ikus-entzunezko erritmoak osatzeko. Adierazitako kontzeptu estetikoak estuki lotuak daude 1976an eskuragarri zeuden ikus-entzunezko produkziorako sistema berritzaileen ezaugarri bereziekin.

Lebitazioa txatartegian (Junkyard Levitation)
Lebitazioa txatartegian obrak "adimena buruaren gainetik" esapidearen inguruko joko bisuala erakusten du. Metalak birziklatzeko teknikak eta bideo-teknologiak bat egiten dute, une batez zientziaren lege ezagunak hautsi eta psikokinesiak testuinguru jakin batzuetan balioa duela erakusteko.

Xalotasun-abestiak (Songs of Innocence)
Xalotasun-abestiak lanak William Blake poetari egiten dio erreferentzia. Aldirietako auzo bateko parrokia-eskola bateko lorategian abesten ari diren haur batzuen irudiak eta ahotsak berriz agertzen dira, airean flotatuko balute bezala: ikuslearen pertzepzioa piztu, eta memoriaren, ilunabarraren eta heriotzaren arteko harreman bisuala dakarte gogora.

Hortzen arteko espazioa (The Space Between the Teeth)
Hortzen arteko espazioa lanaren egitura industria-giroko pasillo luze eta ilun baten bukaeran indar betean oihuka ari den pertsona baten dinamika psikologikoaren eta fenomeno akustikoaren egitura da. Ordenagailu bidezko muntaia-teknikak soinuaren eta irudiaren artean zehaztasun matematikoa zuten harremanak sortzeko erabiltzen ziren, bai eta bideoaren bigarren partean hondo/figura aldi bateko inbertsioa sortzeko ere.

Egia masaren indibiduazioaren bitartez (Truth Through Mass Individuation)
Egia masaren indibiduazioaren bitartez lanak Carl Jung-en norbanakoari eta masari buruzko idatziei egiten die erreferentzia. Bideodiskoaren memoriak hiru ekintza gogor eta bortitz harrapatzen ditu denboran. Tentsioari eutsi egiten dio hasieran, eta gero aske uzten, pertsona ingurunearen kontrako erasoaldi frustratu bat egitear dagoela ikusi ahala. Laugarren eta azken eszenan, gizona entregatu egiten da pasiboki, eta gauez ospatzen ari den beisbol-partida bateko 40.000 zaleen oihuek xurgatu egiten dute.