LOGELA GORRIA (HAURRA) ETA LOGELA GORRIA (GURASOAK)

Logela gorria (Haurra) [Red Room (Child)] eta Logela gorria (Gurasoak) [Red Room (Parents)], biak 1994koak, elkarren artean parekatuta dauden Gela serieko bakarrak dira. Artistarentzako kolore gorriak odola, indarkeria eta arriskua, lotsa, jeloskortasuna, maltzurkeria eta errua sinbolizatzen zituen. Adierazgarria da obra hauen kanpoaldeko armazoia Manhattango auzitegi bateko ate zaharrekin eraiki izana.

Logela gorria (Haurra) lanak artistaren haurtzaroari lotutako elementuak ditu: orratzek eta ardatz gorri eta urdinek bere familiaren tapizen tailerra ekartzen dute gogora, heldu baten eskuen gainean jarritako haurren eskuek segurtasun-grina iradokitzen dute, eta brodatutako “moi” [neu] eta “toi” [zeu] hitzak dituzten eskuzorroek nahi hori indartzen dute. Oroitzapenak, objektu misteriotsuak, espiral itxurako objektuak eta eguneroko gauzak nahasten dira erretratu psikologiko bat dirudien konposizio hau girotzeko.

Logela gorria (Haurra) lanarekin alderatuta, Logela gorria (Gurasoak) laneko espazioa ordenatuagoa da. Ohearen —intimitaterako eta sexurako lekua— bi aldeetara oihalez erdi estalitako marmolezko eskultura bana ikus daitezke, gorputz-enbor biluzi bana.

Ohearen gainean, xilofono baten zorroak eta jostailuzko tren batek haur baten presentzia iradokitzen dute. Haurraren ikuspegitik sexualitatea ezkutatu ohi den misterioa da. Gurasoen bi bururdien artean, haurra gurasoen artean uzkurtuko litzatekeen tokian, “Je t'aime” [maite zaitut] brodatuta daraman kuxin bat ikus daiteke.