BERRIA
"Zergatik ezin den berria izan. Jendeak horixe pentsatzea nahi nuen. Osotasuna edukitzeko bizi egin behar da, eta gu ez gara hilezkorrak. Hala ere, makinak hemen bere osotasuna betirako gorde dezake, erabili ez delako".
The New Museum of Contemporary Art museoak Jeff Koonsi New Yorkeko 5. hiribidean zuen erakusleihorako lan bat egiteko eskatu zion 1980an. Koonsek etxetresna elektrikoz —batez ere xurgagailuak eta zorua leuntzeko makinak— osatutako serie bat sortu zuen. Etxetresna elektriko horiek enbalajeetatik atera eta, zuzenean, fluoreszenteekin argiztatutako akrilikozko beira-arasatan ipini zituen. Objektu horiek ez zituen aldatu, ezta erabili ere; beraz, azkenean ez zuten zegokien helburua bete. Horrela, kontsumitzaileentzako hain erakargarria den berritasun aura hori gorde zuten. Koonsek ezaugarri antropomorfikoengatik aukeratu zituen etxetresna elektrikoak, kontu handiz. Ia bizirik dauden makinatzat jotzen ditu, gizakiok arnasten dugunean bezala, puztu eta hustu egiten baitira. Lan hauen formek eta izenburuek femeninoa eta maskulinoa, lehorra eta hezea, eta bizitza eta heriotza dualtasunak erakusten dituzte, besteak beste. Garbitzeko diseinatutako objektu horiek garbi egotea lortzen dute, fluoreszente-hodien argipean, eta Dan Flavin-en sorkuntza minimalistak gogoratzen dizkigute.