LUXUA ETA ENDEKAPENA
"Niretzako, altzairu herdoilgaitza proletarioen materiala da. Zartaginak eta eltzeak egiteko erabiltzen dira. Oso material gogorra da eta luxu faltsua da".
Jeff Koonsek beste serie bat aurkeztu zuen 1986an, edari alkoholdunen marketin-kanpainek eta publizitate-teknikek gizartean rolak betikotzen laguntzen dutela erakusteko asmoz. Artistak diferentzia azpimarragarri bat antzeman zuen: maila sozioekonomiko baxueneko jendeari zuzendutako iragarkiek maila sozial altuagoko jendeari zuzendutakoek baino mezu esplizituagoak erabiltzen zituztela. Maila sozial aberatsagoei zuzendutakoak abstraktuagoak ziren. Hau da, gizarte-maila diferenteetako jendeei mezu desberdinak igortzen zitzaizkien; era horretan, gizarte-mugiezintasuna eta estereotipoak betikotzen ziren. Luxua eta endekapena seriean, iragarki horietako batzuez gain, alkoholaren kontsumoarekin lotutako tresna eta objektu batzuk sortu zituen Koonsek. Tresna eta objektu horiei luxu-itxura faltsua eman zien, altzairu herdoilgaitzari, hain material arrunt bati, akabera distiratsua eta bikaina emanez.