ALDAKUNTZAK

207. ARETOA

Azken hamarkadetan, espazioaren alderdiak airea eta gure etxebizitzak zeharkatzen dituzten datuak bezain ugari eta ukiezin bilakatu dira. Hiriak bertikalki hazi ahala, transmisio eta sareek airea trinkotzen dute. Objektuen mundua urrun geratzen da, haren irudikapenen mesedetan. Egungo arteak kitzikagarria bezain konplexua den egoera horren berri ematen du: gauzen eta horiek ezkutatzen duten memoriaren arteko loturak berrezartzea du helburu, orainaldiaren arkeologia eginez, nolabait esatearren; orainaldiaren metaforfosi, konbinazio eta leku posibleak esploratzen ditu.

Areto honetan ikusgai dauden artelanetan agerikoak dira plano materialean ematen diren gorabeherak, bai eta plano kontzeptualean gertatzen den espekulazio erradikala. Ángela de la Cruz-en lanean etengabe aldatzen dira mihiseak; aitzitik, Jean-Luc Moulène-k material oro bereizi gabe erabiltzen du, eta bere eskulturetan talka egiten dute topologiari, politikari eta historia kulturalari dagozkien nozioek. Sakontasun topologiko berberaz, baina ikuspegi zientifiko esplizituago batekin, Alyson Shotz-en artelanek saiakera egiten dute fisikako hainbat fenomeno nabarmentzeko; adibidez, espazio-denboraren ondulazioa edo partikulen korapilatzea. Artean, Agnieszka Kurant-ek bere meteoritoen lebitazio harrigarria darabil, Marcel Duchamp-ek 1919an Air de Paris lan enblematikoan airea botilaratu zuenetik horrek duen balio artistikoaren eta gaur egungo higiezin-ekonomian hark duen balioaren bat-egitea iradokitzeko. Hautatutako Pierre Huyghe eta Asier Mendizabal-en lanetan, hutsa eta memoria bi motatako eragiketatan nahasten dira. Edonon instalatzen dela ere, Huygheren Denboraren zaindaria lanak espazio hori zulatzen du, eraldaketa eszenografikoen historia agerrarazteko. Bestalde, Mendizabalek Agoramakia (edo hutsarekin borroka) gai oteizarra hartu zuen abiapuntu, eskultura-gorputzaren egoera desberdinak aztertzeko: hemen etzanda ageri da, eta bere forma osoan, zutunik, berriz, Museoaren 201. aretoan.,