Natura besarkatzea

Alonsotegi LHI, Alonsotegi

1. mailako 20 ikasle, Alonsotegi LHI, Alonsotegi
Irakasleak: Xandra Iruretagoiena
Artista: Zaloa Ipiña

Giza ekintzek ingurune naturalean duten eragina eta natura zaintzeko hartu ahal diren neurriak aztertu zituzten ikasleek. Gainera, proiektuan zehar, baso autoktonoen balioa, papera birziklatzearen garrantzia, arropa-kontsumoaren murrizketa eta uraren kutsaduraren ondorioak ulertu ahal izan zituzten. Aurrera eraman zituzten esperientziei esker, indartu egin ziren ikasleen kontzientzia ekologikoa eta planetaren zaintzarekiko duten konpromisoa. Ingurumena, eta batez ere zuhaitzak, ardatz dituzten artelan garaikideetan inspiratuta, arteak behatzeko, hausnartzeko eta naturari buruzko ideiak komunikatzeko tresna gisa duen ahalmenaz jabetu ziren ikasleak. Eskolaren ingurumarietan hostoak bildu zituzten eta bertako landaredia identifikatu zuten. Bertoko espezieak aztertu zituzten, baina baita beste batzuk ere, esaterako eukaliptoa; zuhaitz-espezie hori asko landatzen da bizkor hazten delako eta erabilgarria delako papera ekoizteko. Ikasleek paper birziklatua egin zuten, eta bai esker ona bai konpromisoa adierazteko mezuak margotu zituzten bertan: “behar zaitugu”, “eskerrik asko”, “babestuko zaitugu”… Ondoren, zuhaitz autoktonoetan zintzilikatu zituzten mezuak, konpromiso- eta errespetu-keinu sinboliko gisa. Mural kolektibo bat ere sortu zuten, dripping teknikaren bidez pintura-tantaz estalitako eukalipto-hostoekin kontuz! hitza osatuta. Pintura zipriztintzean datzan teknika horren dramatismoa baliatuta, ikasleek agerian utzi zuten zuhaitz-espezie hori zabaltzeak ekar ditzakeen ondorioek pizten dieten kezka.

Bestetik, uraren kutsadurari eta ehungintzak ingurumenean duen eraginari buruz hausnartzeko tartea ere eskaini zuen proiektuak, eta, horrela, arropa ekoizteko behar den ur-kontsumo handiaz eta ibai eta itsasoetan amaitzen duen hondakin piloaz jabetu ziren ikasleak. Kutsadura ikusezin hori sinbolikoki salatzeko, stop-motion animazio bat egin zuten, eta, bertan, protagonistek plastikoak eta oihal-zatiak botatzen dituzte ahotik ibaiko ura edan ondoren. Pieza horri esker, sormenaren bidez arazoa ikuspegi kritiko batetik ikusaraztea lortu zuten ikasleek.