New yorkeko politika
“Ez dira erretratu on asko margotzen gaur egun, eta nire ustez gerra honen guztiaren, merkantilismoaren eta faxismoaren erruagatik joan dira gutxika gizakiak debaluatzen, gutxiesten, baztertuak eta degradatuak izaten”
Alice Neel: Mike Gold, Daily Worker (New York), 1950
Bere bizitza osoan zehar politika progresistarekin konprometitua, 1930 eta 1940ko hamarkadetan Alice Neelek Works Progress Administration (WPA) delakorako lan egin zuen, Franklin D. Roosevelt presidenteak sustatutako New Deal programaren barruan. Neelentzat artea historia da; hala, New Yorkeko bizitza politikoa eta bertako gertaerak jaso zituen bere lanean. Marxista deklaratua, artistak artearen ustezko purutasunari eta autonomiari buruzko ideiak gaitzesten zituen; aitzitik, bere obra modu konplexuan zegoen teilakatua garaiko baldintza sozial, ekonomiko eta kultural aldakorretan. Espresionismo abstraktua nagusi zen panorama batean, figurazioa aukera politiko bat izan zen beretzat, eta batez ere pertsonak pintatzeko hartua zuen erabakiak, nolabait ere, gizakia berriz ere erdigunean jartzeko modu bat adierazten zuen ziurgabetasunak eta suntsipenak jotako garai hartan.