Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.

Nondik gatoz, norantz goaz

Zeberio LHI, Zeberio

5 eta 6. mailako 24 ikasle, Zeberio LHI, Zeberio
Irakasleak: Izaskun Garrote, Inma Baliñas, Ander Fresno, Sendoa Miranda, Mohammed Chiba
Artista: Ibon Garagarza

Programan zehar, ikasleek Zeberioren aberastasun kulturala baloratzen ikasi zuten arte plastiko, literatura, musika eta ikerketa arloetan diharduten bertako artistak eta egileak ezagututa: Juan Manuel Etxebarria, Iker Mugarra, Nieves Barrenetxea, Maria Rivero, Maurizia Aldeiturriaga eta Kepa Perez Urraza, modu batean edo bestean herriarekin lotutako begirada artistikodun sortzaileak denak ere. Sortzaile horiekin izandako esperientziak bilduta, bi mailetako ikasleek ikus-entzunezko lanak egin zituzten elkarrizketak, paisaien grabazioak, ilustrazioak eta musika uztartuta. Bideoetarako, Juan Manuel Etxebarriaren ipuin batzuk jaso zituzten iruditan; Iker Mugarra eta Nieves Barrenetxearen obretan inspiratutako paisaiak margotu zituzten; musika-adierazpenari buruz jardun zuten hausnartzen Maria Riverorekin, eta Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolea omendu zuten konposizio kolektiboen bidez.

Bederatzi kilometroko ibilbidea ere egin zuten, Kepa Perez Urrazak gidatuta. Hark bailararen bere ikuspegia eta bertan bildutako ondarea transmititu zien ikasleei. Ibilbidean zehar, beren oinatzak buztinetan utzi eta naturako elementuekin apaindu zituzten, eta buztinezko begiak ipini zituzten ermitetan, paisaiari begiratzeak duen garrantzia nabarmentzeko. Gainera, bidean deigarrien gertatu zitzaion txokoari argazkia atera zion ikasle bakoitzak.

Bigarren fase batean, artea ondaretzat hartuta, haritz baten azpian instalazio eskultoriko bat eraiki zuten teknika tradizionalekin, eta material naturalak eta birziklatuak erabili zituzten horretarako. Denboraren kapsula bat ere jarri zuten instalazioan. Proiektuak aukera eman zien ikasleei beren ingurunearekin konektatzeko, artea, adierazpide bat ez ezik, ondare kulturala ere badela jabetzeko, eta beren pertenentzia-sena indartzeko.