NEURKETA BERRIA: EGOERAREN ANALISIA

208 ARETOA

1989ko gertaerek eta haien ondorioek aldaketa handiak ekarri zituzten Txinara. Artistek hausnarketa eutsi eta jarraituko espiritu batez aurre egin zioten Tiananmenengo gogorkeriaren ondoren etorri zen garaiari, eta 1980ko hamarkadan sortuz joan zen lan analitikoaren, kontzeptualaren aldera egin zuten. Herrialde osora zabaldu zen kontzientzia kritiko bat, zalantzan jartzen zituena aginpide--sistemak, hala nola burokrazia, ideologia eta hizkuntza bera, eta Txina osoko artistak bultzatu zituena gizarte-konbentzioak salatzera eta haiek betikotzen zituzten prozesuak argitara ateratzera.

Zhejiang Arte Ederretako Akademiarekin loturiko artista talde heterogeneo batek, Hangzhoun —haien artean zeuden Geng Jianyi, Qiu Zhijie, Wang Guangyi, Wang Jianwei, Wu Shanzhuan eta Zhang Peili—, proiektu kontzeptual batzuk sortu zituen. Haien obran askotan azaltzen ziren prozesu mekanizistak, sentiberatasun dokumentala eta irauli nahi zituzten sistemak maltzurkeriaz imitatzen zituzten bitarteko minimalistak. Pekinen, Neurketa Berria Taldeak —hiru artisten talde bat zen, beren elkarlanaren bitartez edonolako banakotasuna ezabatu nahi zutenak— artearen sintesi bat egin nahi izan zuten arau eta erregela xeheen sail batean. Shanghain, pintore abstraktu batzuek, haien artean Yu Youhan-ek eta Ding Yi-k, ikur-sistema zorrotzak garatu zituzten beren obretan aritzeko. Egile hauek aurreko artista europarren, japoniarren eta estatubatuarren praktika kontzeptualak beretu zituzten, eta era berean beren hurbileneko inguruaren aurrean erreakzionatu zuten, zeinen botere-egiturek, miatuz gero, beren zentzugabekeria agertzen baitzuten.