MARGOLAN ABSTRAKTUAK (1980KO HAMARKADA)
Albert Oehlenen margolan abstraktuak figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan kokatzen dira, eta artistak kolorea erabiltzeko duen modu oldarkorragatik eta asaldatuagatik, eta pintzelaren keinu pertsonalagatik eta ausartagatik bereizten dira. Oehlen 1988an hasi zen koadro abstraktuak margotzen, Martin Kippenberger artistarekin batera Andaluzian bizitzen hasi zenean. Bere estiloak jasaten duen aldaketa honi buruz, Oehlenek honakoa adierazi du: “Zentzu batean, nire ustez, artearen historia figuratibotik abstraktura mugitzen ari zen. Eta nik berdina egin behar nuen. Nire bizitzan, artearen historian gertatutako bilakaera berdina bizi behar nuen”.
Olio-pinturaz egindako lan hauek –pintura-metodo tradizionalena– lasaitasun-sentsazioa ematen dute, artista bere benetako gaitasun teknikoa ezkutatzen egongo balitz bezala, kolore indartsuko enpaste distiratsuak erabiliz. Ez dute finkatutako araurik edo edertasuneko kanon konbentzionalik jarraitzen.
Oehlenen koadro abstraktuak ez dira ez politak ezta erakargarriak ere. Bere lanari buruz egiten dituen adierazpenetan, artistaren sarkasmoa nabaritzen da: “Koadro batean hilabetez lan egiten duzunean, munduko irudi itsusienaren aurrean pasatzen duzu hogeita hamar egun. Nire lanean, irudi izugarriz inguratuta nago etengabe. Benetan. Zarpail ezin zatarragoak ikusten ditut, magia artez bezala azken unean zerbait ederra bihurtzen diren arren”.