Premisa (Donnée)

Ez-lekuak izan zen 1985ean hil aurretik Dubuffetek guztiz garatu zuen azken lan-sorta. Sail horrek Premisa izeneko zenbait margolan ditu. Hein handi batean, Mirak sailaren luzapena da, baina are urrunago doa eszeptizismo filosofikoaren arloan. Azken sail horrekin, Dubuffetek zalantzan jarri nahi zituen, batetik, izatearen eta ez-izatearen arteko bereizketa, eta bestetik, errealitatearen eta irudimenaren artekoa. Bereizkuntza horien hausturak aske izateko gaitasuna eskaintzen zuela uste zuen artistak, gisa horretako bereizketarik gabe existentziak aukera berri ugari izango lituzkeela. Hori dela eta, Dubuffeten arabera, Ez-lekuak sailak zera irudikatzen du: “existentziari buruzko balizko fantasiaz betetako hutsunea”. Saileko margolanen atzealde beltzak hutsune hori iradokitzen du, hain zuzen.