Guggenheim

Jatorrian eskultore-formazioa jaso zuen Fontanak, eta Argentina eta Italia artean garatu zuen bere karrera; hain zuzen ere, esperientzia transatlantiko horrek bere ikuspegi artistikoa definitu zuen. 1920ko hamarkadaren erdialdean hasi zuen ibilbidea Rosario-n (Argentina), italiar immigrantez betetako hirian, aitaren Fontana y Scarabelli enpresan hiriko hilerrietarako hileta-eskulturak egiten. Ondoren, artista gaztea Milanera joan zen, Brera-ko Arte Ederren Akademian eskulturgintza klasikoa ikastera; han zegoela agertu ziren artistaren antiakademizismoaren lehen zantzuak, modelatze-teknika lehenetsi baitzuen zizelkatzearen gainetik. 1930eko hamarkadan, igeltsuak, terrakotak eta zeramikak definitu zuten Fontanaren ekoizpen figuratiboa, zeina hainbat influentziaren isla baitzen: Etruriako sarkofagoetatik futurismoraino; era berean, artistaren sorkuntzek aurre egiten zieten eskultura-praktikaren konbentzioei. Estilo figuratibo eta errealistari heltzen dio Etruriako sarkofagoak inspirazio iturritzat hartuta, haren emakume erretratuek erakusten duten moduan: kolorez edo urre-kolorez margotzen zituen batzuetan. Era berean, Fontanak eragin garaikideak ere barneratu zituen, hala nola, futurismoa, erregimen faxista italiarraren menpe nagusi zen mugimendua, hain zuzen. Artistaren lanak generoak, gaiak eta erreferente historikoak fusionatzen ditu, praktika eskultorikoaren mugei aurre egitearekin batera.