Proiektua: Egin eta desegin
Zorroza
Bilboko Zorrotza ikastetxeko 4. mailako 24 ikasle
Irakaslea: Arantza Ayala
Artista: Manu Uranga
Hizkuntza: euskara
Egin eta desegitea, berrerabiltzea, behatzea, erabilera berriak ematea.... Birziklatzea pausu bat harago eraman daiteke, eta baita hainbat pausu harago ere. Prozesuan zehar, ikasleek zakarretik ateratako gauzen testurak eta formak aztertu zituzten, eta gero probak egin zituzten horiekin. Hala, aukera mugagabeak izan zituzten materialen eta objektuen formak, koloreak, bolumenak eta jatorriak arakatu eta horientzako erabilera berriak planteatzeko.
Ariketa desberdinak proposatu zitzaizkien, esaterako, argazkiak eta oihalak baliatuta collageak egitea, edo papera eta ehunak erabilita bustoak sortzea. Ariketa horien bidez, soilak diren baina erabilera anitzak dauzkaten materialekin libreki esperimentatzeko aukera izan zuten ikasleek. Horretarako, etiketak irakurri behar izan zituzten, gauzak zerekin eginda dauden ulertu, eta material bakoitza nondik datorren jakin: zein den, adibidez, poliesterraren, artilearen edo kotoiaren jatorria. Objektuen memoriaz edo aztarnaren kontzeptuaz ere hausnartu zuten: objektuek badute memoriarik? Eta materialek?
Ikasleek, gainera, inguruko industria-paisaia eta paisaia naturala alderatu zituzten, azken hori hondartzara bisita bat eginda. Itsasoak jaurtitako hondakinak eta naturako elementuak alderatu zituzten hondartzan aurkitutako objektu anitz eta iradokitzaileekin egindako eskulturen bitartez.
#Osaketa#IkusiBegiratuEtaBehatzea#ZerIzanDaitekeHau#ZuzenduGabe#Birpentsatzea#BirziklatzeErradikala
“Artista sentitu dira ikasleak, eta artearen aurrean modu irekiagoan ikusi dituzte beren buruak. Artearekiko beldurra galdu dute emaitzak lortzeko gai sentitu direlako. Artearekiko gertuko harremana eraiki dute jolasaren bitartez”.—Arantza Ayala