Proiektua: Eguneroko matematikak
Deusto
Bilboko Deusto ikastetxeko 5. mailako 26 ikasle
Irakasleak: Begoña Bergasa eta Eskarne Mardaras
Artista: Zaloa Ipiña
Hizkuntza: euskara
Matematikek egunerokotasunean duten presentzia izan zen programa honen abiapuntua. Horri helduta, matematikak liburuetako zenbakiak baino zerbait gehiago direla ulertu zuten ikasleek, hau da, bizitzako aspektu askotan funtsezko lekua hartzen dutela forma anitzetan. Ikasturte hasieran, ikasleek argazkiak atera zizkieten beren inguruan ikusten zituzten matematikei: zenbakiak, lerro paraleloak, angeluak, bolumenak, forma geometrikoak, perspektibak, eta abar, eta abar. Errealitatetik ateratako irudietatik abiatuz, paisaia matematiko berriak sortu zituzten lerroz, formaz eta segidaz betetako collagetan logika formalak aplikatuta.
Papiroflexia-teknikak erabilita, tamaina eta kolore desberdinetako poliedroak sortu zituzten, eta gero bizia eman zieten. Normalki bizigabeak izaten diren poliedroak animatzeak aukera eman zien sekuentzia eta segida bisual zein formalekin azelerazioa eta dezelerazioa lantzeko.
#HaratagoIkustea#EgunerokoMatematikak #PoliedroAnimatuak
“Oso ongi pasatu nuen argazkiak ateratzen, batzuetan alderantzizko mundu bat sortzen delako… Poliedroak egiten, 3D animazioarekin eta lantaldean ere oso ondo pasatu nuen. Kuboa egitea izan zen errazena, eta oktaedroa zailena. Orain etxean saiatzen naiz poliedroak sortzen. Arteak beti laguntzen dit beste gauza batzuk egiten”. —Deusto ikastetxeko ikaslea