Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.

Proiektua: Hizkuntza eta identitatea

Ángeles Custodios

Bilboko Ángeles Custodios ikastetxeko 6. mailako 24 ikasle

Irakaslea: Esther Vilarino

Artista: Jorge Rubio

Hizkuntza: euskara

Hizkuntzaren eta identitatearen arteko lotura ezagutzeko eta hizkuntza-aniztasuna aukera eta aberastasun gisa ulertzen laguntzeko, zenbait ekintza artistiko definitu ziren, eta ekintza horiek ikasleen gaitasun kritikoa sendotzeko helburua ere bazuten.

Euskaraldia ariketa kolektiboak luzatutako proposamenak eraginda, ikasleek ahoak, sudurrak eta belarriak berrinterpretatu eta birsortu zituzten buztina baliatuta, Euskaraldiak berak ahoak eta belarriak sinbolo hartuta euskaraz hitz egiteko eta entzuteko gonbita egiten baitzuen. Buztinezko piezak paisaian egindako esku-hartze bilakatu ziren ikastetxearen inguruetako murru, horma eta zuhaitzekin mimetizatuta, bertatik pasatzen ziren ibiltariak ustekabean harrapatuz.

Aurpegiak tristura, haserrea, mina, poza, beldurra eta bestelako emozioak adierazteko duen gaitasunaz hausnarketa egiteko ere proposatu zitzaien. Hala, beren gorputzak naturako pigmentuz eta elementuz apaintzen zituzten antzinako tribuak eta zibilizazioak inspirazio-iturritzat hartuta, ikasleek beren aurpegiak margotu eta fotografiatu zituzten, aurpegiera ezberdinekin. Gehien hitz egiten diren hizkuntzen nagusitasunaren aurrean galtzeko arriskuan dauden hizkuntza minorizatuen defentsarako ezkutu sinbolikoak ere sortu zituzten. Kultura desberdinetako imajinarioetako izakiak irudikatzeko erronka ezarri zitzaienean, eskola-umeek oihalez eta kartoiz egindako panpina handi bat fabrikatu zuten: testuingururik gabeko irudi bat, unibertso magiko batetik aterea eta egunerokotasuneko ingurura ekarria.

#IkustekoBesteModuBat#HizkuntzaMinorizatuak#Identitatea#Fantasia

“Bilboko Ángeles Custodios ikastetxeko ikasleek libre sentitzeko espazio edo momenturen bat aurkitu izana espero dut ikasturtean zehar garatu ditugun jarduera denen artean; espazio bat, momentu bat, non aurrez existitzen ez diren pentsamenduak agertu zaizkien, edo irudi berriak sortu zaizkien, bihar-etzi sentsazio hori antzematen jakin eta berreskura dezaten”.—Jorge Rubio, artista

PROIEKTUEN BILATZAILEA