REMIX

Georg Baselitzek 2005ean hasi zuen pintura-sail bat biltzen du Remix sailak, eta aurreko lan batzuetara itzuli zen bertan. Erakusketak jarraitasun-lerro ideal bat marrazten du iraganaren eta orainaldiaren artean, eta 2007 eta 2008ko Remix zikloko pinturen hautaketa bat hartzen du bere baitan, 1965 eta 1966ko Heroiak eta Tipo berriak sailen berrinterpretazioa, alegia.

Remix seriean Baselitzek Gaualdi handia zapuztu zen eta Adiskide handiak bezalako lanetan agertzen diren bere ibilbideko aspektu probokatzaileenak berrikusten ditu; halaber, esperientziak ematen duen abantailaren kutsua duten bertsio edo interpretazio berriak proposatzen ditu. Remix osatzen duten pinturak handiagoak eta azkar margotuak dira, mihise zuria zeharkatzen duten ñabardura distiratsu eta gardendun zerrenda handiekin eta lerro harrigarri eta okerrekin, eta astunagoak eta ilunagoak ziren haien aurrekariekiko erabateko transformazioa suposatzen dute. Figurak karikaturaren eta mamuen agerraldien tarteko zerbait dirudite; era berean, zikloko lanak gauzatzeko erabilitako espontaneotasunak iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko zatiak iradokitzen dituela dirudi. Agerikoa da pintoreak 1960ko hamarkadako lan horiek argitzeko eta eguneratzeko duen grina; halere, lan horien ezaugarri kezkagarri eta iragankorrak artista heldu batek denborari, orainari, porrotari eta horrek ekar litzakeen aukerei buruz egindako hausnarketetatik ere badatoz. Baselitzek adierazi duenez:

“Gustuko dut ‘remix’ hitza, gazteen kulturatik datorrelako”. 

Paralelismoak egon arren, badaude desberdintasunak pintura-ziklo honen eta aurreko seriearen artean. Agerikoena gama kromatikoa da. Heroiak seriea menperatzen zuten lur-koloreen ordez, lan hauetan kolore hotz eta kartsuak gailentzen dira. Gainera, artistak mihisearen kolore zuriarekin are nabarmenago jokatzen du espazioaren ukapena iradokitzeko, pertsonaiak narraziotik kanpo kokatzeko. Eta hasierako heroien trinkotasunarekin kontrajarriz, oraingo hauek pintzelkada arin eta kementsuekin ebatzi, eta dinamismo sentsazio handiagoa iradokitzen du. Artistak berak azaldu zuen Remix seriearekin egin nahi zuena:

Musika herrikoia nahasten baduzu, erritmoa edo soinua aldatzen baduzu... egiten duzuna guztiz desberdina da. Asko hausnartu dut egiten dudana nola izendatu. Gustuko dut “remix”, hitza gazteen kulturatik datorrelako.