"KAIOLAK" ETA ESPAZIOA MUGATZEA; KALEA ETA PLAZAK

207 ARETOA

1935ean, Alberto Giacometti mugimendu surrealistatik urrundu, eta berriz ere modelo batetik abiatuta hasi zen lanean: haren anaiak, Diegok, eta modelo profesional batek, Rita Gueyfier-ek, egunero posatzen zuten artistarentzat. Eskultoreak askotariko modelaketa-teknikak aztertu zituen, eta, aurpegi geometriko eta figuretan lan egitetik, modu espresiboagoan lan egitera pasatu zen.

1940ko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerran zehar, Giacometti figura luzangak sortzen hasi zen, argalak, ingerada zehaztugabekoak, giza figura urrutitik ikusten denean bezala. Baieztatzen zuenez, figura handiak egitea faltsua iruditzen zitzaion, eta luzeak eta estilizatuak egiten zituenean soilik zetozen bat gizateriaz zuen ikuspegiarekin.

1950eko hamarkadaren hasieran, Giacomettik berriz ere kutxaren motiboa erabili zuen garaiko obra askotan; besteak beste, Figuratxoa bi etxeren artean (1950) lanean. Kutxak existentzialismoaren kontzeptu ugari irudikatzen ditu modu grafikoan: adibidez, konfinamendua, isolamendua eta herstura; era berean, kontzeptu horiek existitzearekin lotuta egon daitezke. Ideia hori bera dago “kaiolen” obren oinarrian; hain zuzen ere, garai surrealistan ere esperimentatu zuen gai horrekin: Sudurra (1947) obran, puntak obra mugatzen duen markoa zulatzen du, literalki, eta kanpora ateratzen da.

Basoa (1950) lanean, Giacomettik zenbait figura luzanga biltzen ditu, oinarri batera ainguratuta, eta, nolabait, baso bat gogorarazten digute. Zutik daude, zuhaitzak balira bezala, eta elkarrengandik hurbil, baina elkar ukitu gabe. Zuhaitz-formako figura luzanga horien arteko erlazioa kokatuta dauden espazio negatiboaren bidez sortzen da. Obra horiek, eta figura bakarra edo figura multzoak dituzten antzeko beste obra batzuek, une horretan Giacomettik hausnargai dituen ideiak adierazten dituzte: jendez beteta dagoen toki batean ere bakarrik senti gaitezkeela (kalean, plazetan, toki irekietan, etab.).