307. ARETOA

Hermann eta Margrit Rupf eta Paul eta Lily Klee adiskide minak ziren eta bildumagileek aldiro-aldiro erosi zizkioten artelanak suitzako artistari 1913. urtea ezkero. Gerora, naziek Klee irakasle zegoen Dessauko Bauhaus eskola itxi eta haren lana “gizagaldutako artetzat” jo zuten, eta, ondorioz, artistak Bernara itzuli behar izan zuen.

Bernako beste hainbat artista, zientzialari eta musikari lagundu zituzten Rupftarrak eta Hermann Rupf gogotsu aritu zen arte kritikak idazten hiri horretan arte garaikidearen ezagutza bultzatzeko. Esate baterako, 1909 eta 1931 urteen bitartean Berner Tagwacht astekari sozialdemokratan kritikak idatzi zituen bere garaiko kultur politika kontserbadorea salatuz eta arte garaikidea ulertarazteko ahaleginak areagotzeko eskatuz.

Kleeri esker, Rupftarrak Kandinsky eta haren emazte Nina ezagutu zituzten 1930eko hamarkadaren hasieran. Rupftarrak eta Kandinskytarrak maiz ibili ziren elkar hurrengo urteetan eta Vasily 1944. urtean zendu ostean ere Nina Kandinsky Rupftarren adiskidea izaten jarraitu zuen. Vasily Kandinsky bizirik zegoen bitartean artelan bakarra erosi zioten Rupftarrek 1935. urteko udazkenean, Tentsio lasaia (Tentsio arina) delakoa, urte horretan bertan egindakoa. Gerora nekez sartu ziren Rupf bilduman Kandinskyren beste lan batzuk, guztira egun dituen 16ak bildu arte. Erakusketan ikusgai dauden sei lanak 1916 eta 1940 urteen bitarteko aldia hartzen dute, hau da, aldi baterako Errusiara bueltatu zen unetik Parisen egin zituen azkeneko lanetaraino.

Hans Arpen, Meret Oppenheimen, Lucio Fontanaren eta Zero taldearen lanek, besteak beste, erakusketari bukaera ematen diote eta hura osatzen dute. Areto honetako lanen bidez ikus daiteke Rupf Bilduma ez dela amaitutako bilduma bat, etengabe garatzen ari dela eta hasieran erositako lanen jarraipena dela; izan ere, bilduma hasi zutenetik, arte konstruktibistaren eta kontzeptualaren aldeko joera erakutsi zuten Rupftarrek.