Hiri irreala, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi | Mario Merz | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

105 aretoa

2005.06.08 - 2007.02.18

1960ko hamarkadaren bukaeran arte povera terminoa (hitzez hitz "arte pobrea") sortu zen artista talde bat deskribatzeko. Artista haiek gehienak italiarrak ziren eta ohikoak ez ziren material industrialak, organikoak edota egunerokoak erabiltzen zituzten hiru dimentsioko obretan, naturaren eta gizakiaren sorkuntzaren arteko gatazka berresteko.

Mario Merz izan zen horietako bat eta beira, metalezko hagatxoak, adarrak, buztina eta torlojuak erabili zituen Hiri irreala, mila bederatzi ehun eta laurogeita bederetzi (Città irreale, Millenovecentottantanove, 1989) lanean. 1968az geroztik, Merzek igluaren forma erdiesferikoa erabili izan zuen, aldi baterako bizilekua denez uniformetasun estetikoari uko eginez leku batetik bestera, naturaren eta kulturaren artean dabilen artista nomada aditzera emateko. Bere aldetik, Jannis Kounellis artista greziarrak Titulurik gabea (1988) instalazioan ere nahita nahastu zituen material industrialak, adibidez, ikatza eta burdina, eta pinturak balira bezala paretan ipini zituen. Material organikoen eta ez-organikoen bat egiteak arteak duen zentzu ustekabekoaren eta aldakorraren sinboloa da. Arte povera-ren garaikide, ingurumen arteak naturatik gertuago sentitzeko eta artearen komertzializazioa gaitzesteko gero eta premia handiagoa adierazi zuen. Landu gabeko lurretatik ibiliz, Richard Long artista ingelesak egur zatiak, harriak eta hondakinak forma geometrikoak eratuz kokatzen ditu eta eskuartze horiek argazkietan jasotzen ditu azkenean naturak desegingo duena betikotzeko. Barrualdeetarako bere instalazio poetikoek, esate baterako, Bilboko zirkuluak ( Bilbao Circle , 2000), artistak egindako ibilbide horiek gogora ekartzen dizkigu.


Bigarren Mundu Gerran Europan izandako azkeneko borrokaldia baino hilabete gutxi batzuk lehenago Alemanian jaio zen Anselm Kiefer eta gertutik bizi izan zituen gerra modernoaren eta bere herrialdearen banaketaren ondorioak. Horrez gain, zatikatutako nazioa berreraikitzeko eta berritzeko egindako borroka bizi izan zuen. Bere obra neoespresionistatzat hartu ohi da, 1970eko hamarkadaren amaieran sortutako joerakoa, hain zuzen, keinuzko pinturara eta eduki alegorikora itzultzeagatik bereizi izan zena. Aurkezpen honetako formatu handiko eta kolore mugatuko lan-sortak izan ziren, eta Kieferrek mihisearen gainean izandako garapenaren ikuspegia eskaini zioten ikusleari, baita material industrialak eta organikoak erabiltzen dituen modu berezia ere (besteak beste beruna, lastoa, igeltsua, haziak, errautsa eta lurra baliatu ohi ditu).

 

Mario Merz
Hiri irreala, mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi (Città irreale, Millenovecentottantanove), 1989
Kristala, ispilua, metalezko tutuak, adartxoak, kautxua, buztina eta torlojuak
0,5 x 1,3 x 1 m
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Artistaren dohaintza, 1989

Partekatu