Abangoardiak eta espresionismoa XX. mendean
1998.11.19 - 1999.02.14
XX. mendearen hasiera aurreko mendean sortutako balore iraultzaileen garaipenak markatu zuen. Ideial utopikoek eta sinesmen politikoek bultzatuta, abangoardia artistiko izenekoek mendebaldeko artearen ondare figuratibo handia berriro planteatu zuten eta estetika soilaren mugak gainditzen zituzten ideial berri batzuk defendatu zituzten. Parisek munduko artearen erdigunea izaten jarraitzen bazuen ere, esperimentazio artistikoaren oparoaldia Europa osoan antzeman zitekeen.
Frantzian, Albert Gleizes bezalako artistek hiztegi kubista landu zuten, perspektiba tradizionalari uko eginez eta irudimenezko sakontasun itxura hautsiz. Alemanian eta Austrian, artista desberdin askok pintura-formaren ezaugarriak indartu zituzten, sentimenduaren eta egoera izpiritualaren adierazpenaren bila.
Heinrich Campendonk-en ezaugarri diren kolore biziak eta ez oso naturalak, Oskar Kokoschka-ren pinturan antzematen den pintzelkada urduria, edo Ernst Ludwig Kirchner-en lanean begi-bistakoa den formaren sinplifikazio "primitiboa" erabiliz, espresionistak emozioz betetako irudiez nahiz irudi abstraktuez baliatu ziren egia psikologiko garaikideak adierazteko. Abstrakzioa Vasily Kandinsky eta László Moholy-Nagy bezalako artisten lanarekin suspertu zen, forma hutsaren eta kolorearen esentziei ezaugarri izpiritualak eta utopikoak atxikiz. Azkenik, Europa osoan surrealismoak inkontzientearen eta bizitako errealitatearen arteko erlazioa aztertu zuen, eta estrategia automatistak erabili zituen Jean Arp, Alexander Calder eta Joan Mir-ren lanean antzeman daitezkeenak bezalako forma biomorfoak erabiliz adimenaren ikuspegiak interpretatzeko bitarteko gisa.
Mugimendu desberdinetan komuna zen fragmentazio estetikoa —kubismoaren plano hautsiak, pintura espresionistaren irudi itxuragabetuak, eta ikonografia surrealistaren justaposizio hibridoak— errealitatearen fragmentazio sozialaren eta psikikoaren analogia bisualtzat har daiteke.
Horietatik guztietatik, espresionismoak joera artistiko iraunkorra dela erakutsi digu, mende honetako aldi desberdinetan berriro hartu eta aztertu izan baita. Artisten elkarren segidako belaunaldiek klabe subjektibo hori berpiztu eta berraztertu zuten, testuinguru garaikide berrietara egokituz. Hala, 50eko hamarkadan, espresionismoa Amerikako espresionismo abstraktuaren itxurarekin agertu zen berriro, baita Europako arte informalaren edo, 80ko hamarkadan, neoespresionismoaren itxurarekin ere.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuak Europako ondarearen oinordeko eta mendebaldeko artearen erdigune bilakatu zen. Espresionismo abstraktua Amerikako lehenengo mugimendu artistiko nagusia izan zen. Bere itxura espresiboa hasierako espresionismoaren heroismo subjektiboari lotu zaio. Mugimendu honen ordezkari nagusiak, Willem de Kooning, Franz Kline eta Mark Rothko besteren artean, forma eta emozioa eskala monumentaleko mihiseetan bat egiten saiatu ziren, pinturaren edukia artistaren nortasunaren adierazpenean oinarrituz.
Bitartean, Europan joera plastiko berri bat sortu zen filosofia existentzialisten eta ekialdeko pentsamenduen eraginpean, askok espresionismo abstraktuaren Europako baliokidetzat hartu izan dutena: arte informala (formarik gabea). Joera honek bat-batekotasuna lana egiterakoan, keinuaren bertuteen menpe jartzea, eta ezaugarri fisikoen garrantzi handia zituen ezaugarritzat, Jean Dubuffet, Asger Jorn edo Antoni Tàpies artisten lanetan antzeman bezala, metalezko txapak, harea, eta konbentzionalak ez diren bestelako materialez baliatuz. 1980ko hamarkadarako, 1960 eta 1970eko joera kontzeptualen eta minimalisten ondoren, neoespresionismoak figurazioa eta espresibitatea berreskuratu zituen arte-lanean, abangoardia artistiko zaharraren hizkuntza formalean oinarrituz.
Georg Baselitz alemanak eragina izan zuen belaunaldi berrian, Europako pintura indartzeko eta gerra osteko aldiaren neke izpiritualaren aurka borroka egiteko ahaleginetan. Beste artista aleman bat, Anselm Kiefer alegia, izaera bortitza, keinuzkoa eta kritikoa ezaugarritzat zuen neoespresionismo baten ordezkari nagusietako bat izan zen, kasu honetan tradizio erromantiko alemanaren eta bere herriko herentzia politikoaren erreferentziak txertatuz.
Izan ere, neoespresionismoa nazioarteko fenomeno bat izan zen, munduko beste leku batzuetan ere hezurmamitu baitzen. Nabarmentzekoak dira Italia, Transbangoardiaren jaioterria, Francesco Clemente, Sandro Chia eta Enzo Cucchi aitzindari izanik, eta New York, non Julian Schnabel edo Jean-Michel Basquiat bezalako artistek hiztegia (grafitti-a) nahiz materiala (plater hautsiak) artearen iturri tradizionaletatik kanpo aurkitu zituzten eta beren lanaren eduki emotiboa nabarmentzeko txertatu.
Clyfford Still
Titulurik gabea, 1964
Olio-pintura mihise gainean
273,5 x 236 x 3,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa