in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean
2025.11.14 - 2026.04.12
Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean erakusketa bigarrena da Guggenheim Bilbao Museoaren in situ programaren baitan. Ekimenak 208 aretoko arkitekturarekin interakzioan arituko diren berariazko lanak sortzera gonbidatzen ditu artistak. Mark Leckeyk (Birkenhead, Erresuma Batua, 1964) herri-kulturaren, teknologiaren eta memoria kolektiboaren arteko intersekzioa planteatzen du, eta irudi historikoak testuinguru berrietan kokatzen ditu iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa eragiteko. Bere lanak nostalgiari eta klase sozialei buruz hausnartzeko bidea irekitzen du, eta hedabideek eta teknologiak gure identitatea eta pertenentzia-sena nola zehazten dituzten aztertzen du.
Leckey Liverpool inguruan hazi zen 1970eko hamarkada amaieran eta 1980koan zehar, eta Ingalaterrako industria-eremu nagusien gainbehera betean eta gainbehera horrek gizartean eragin zituen zatiketen erdi-erdian iritsi zen helduarora. Lantegi mordoa itxi zen, komunitateak apurtuz joan ziren, eta masa-kultura —telebistak eta publizitateak zabaltzen zuten hura— paisaia-mota berri bat bihurtu zen. Giro asaldatu eta mediatizatu hartan piztu zitzaion artistari irudiek, soinuek eta teknologiek pertenentzia-sen eta irudimen partekatu bat eraikitzeko duten gaitasunarekiko grina.
Erakusketa honetarako, Sassettaren Itsas bazterreko hiria (1424) margolana izan du inspirazio-iturri Leckeyk: mendebaldeko artegintzan hiri-ingurunea gai nagusitzat hartu zuen lehen paisaietako bat. Margolanak muino batean altxatzen den Erdi Aroko hiri gotortu bat erakusten du, geometrikoki konplexua baina laua den plano batean margotuta. Leckeyren arabera, “hiriak fisikaren legeak gainditzen ditu; iraganeko hiria da, baita etorkizunekoa ere”. Bere interpretazioan, bi dimentsioko irudiak forma eskultorikoa hartzen du, eta errealitate materialaren eta esparru immaterialaren arteko atalasean datza, benetakoaren eta asmatuaren artean.
Aretoko hormetan figura bat ageri da proiektatuta: erdi gizon erdi piztia den izaki bat, hiriaren mugetatik at ibilian. Izaki hori William Blakeren Nabukodonosor (1795–ca. 1805) grabatuan dago oinarrituta; bertan, gizon abaildu bat ageri da, gizakiaren eta animaliaren arteko, lurtarra eta naturaz gaindikoa denaren arteko erdibidean dagoena.
Espazio fisikoak, soinuak eta argiak indar ikusezinekin —sistema digitalekin, adimen artifizialarekin, esperientzia transzendentearekin— elkartzean sortzen duten eraldaketa- eta ezegonkortasun-sentsazio gorabeheratsua irudikatzen du instalazio honek. Elementu materialak eta immaterialak uztartuta, berehalakoa, bitxia eta, era berean, transzendentea den topaleku bat taxutu du Leckeyk, begiekin ikus daitekeenak eta ikusezina denak elkarrekin talka egin dezaten bertan.
Aretoak: 204, 208
Komisarioa: Lekha Hileman Waitoller
Mark Leckey
Instalazioaren ikuspegia, O’ Magic Power of Bleakness, Tate Britain, Londres, irailaren 24tik urtarrilaren 5era, 2020.
Argazkia: Mark Blower. Eskaintza: artista, Cabinet Gallery London eta Tate.

