Guggenheim
Monira Al Qadiri: Cuarto sagrado
Aurreko erakusketa

Film & Video aretoko erakusketa-programak mugimendudun irudiarekin lotutako praktika artistikoetan jartzen du bereziki arreta, eta arte bisualen, film-instalazioen eta —zentzurik zabalenean hartuta— kultura garaikidearen arteko harreman emankorra aztertzen du.

Monira Al Qadiri (1983) artista kuwaitarra da, baina Senegalen jaioa, Japonian hezia eta, gaur egun, Berlinen bizi dena. Askotariko euskarriak baliatuz, historia kolonialaren alderdi ezezagunak, petrolioaren inguruko kulturak eta Ekialde Ertaineko identitateen eraikuntza ikertzen ditu bere lanean. Hain zuzen, eskualde horrek daukan interes geoestrategikoak lotura estua du bertako baliabide energetikoekin, eta hango bizimodua goitik behera eraldatu da industriak planetako ekosistemen gainean duen eragina azkartzearekin batera. Munduko tenperaturarik altuenak izan ohi dituzten paisaia hareatsu haietan, artistak potentzial narratiboak aurkitzen ditu han-hemen; potentzial horiek historiaurreko iraganera garamatzate eta, aldi berean, baita hipotetikotik gero eta gutxiago duen etorkizun batera ere: planetaren gehiegizko berotzeak eta desertifikazioak jotako etorkizun batera.

Al Qadirik berriki sortua duen Laurden sakratua (2020) obrak Rub al-Khali basamortuan barrena garamatza, Saudi Arabiaren, Omanen, Arabiar Emirerri Batuen eta Yemenen artean dagoen eskualde erraldoi batean zehar, ibilbide oniriko batean. Filmean ikusten diren aireko irudien sakontasuna artistaren ahizpa eta ohiko kolaboratzaile den Fatima Al Qadirik egindako soinu bandarenarekin bakarrik konpara daiteke. Soinua fikzioaren motor gisa erabiliz, Laurden sakratua lanak Harry St. John Philby esploratzaile britainiarraren istorioa du abiapuntu. 1930eko hamarkadan, Philbyk Arabiako basamortua zeharkatu zuen galdutako Ubar hiri mitikoaren bila. Koranaren arabera, jainkoaren haserreak suntsitu zuen “Hareetako Atlantida” hura antzina- antzinako garaietan. Basamortuko hiria aurkitu ordez, esploratzaileak gure planetan ikus daitekeen meteorito-talka handienetako baten aztarnak topatu zituen. Oraindik ere aurkitu daitezke talka hark utzitako mineral zatiak Wabar-ko kraterraren inguruan —Philbyk, hasieran, sumenditzat hartu zuen—. Harri horiek espiritu kosmiko eta kolektiboaren mezulari dira Monira Al Qadirirentzat.

Ahots lodi eta geldo baten bidez, Wabarren espirituak irudiei lagun egiten die bere diskurtsoarekin, eta eskultura multzo ikusgarri gisa gorpuzten da erakusketa-espazioan. Beira puztuz egindako pieza iridiszente horiek delikatuak bezain sendoak dira, eta perla beltzak zein petrolio tanta handiak ekartzen dizkigute gogora. Filmean, lehen pertsonan hitz eginez, gure planetara iritsi zireneko istorioa kontatzen digute piezok, eta gertatzear diren hondamendien aurrean sentitzen duten bihotz-ikara azaltzen digute, baina egoera lehengoratzeko elkarrekin lan egitera ere bultzatzen gaituzte.

Curator: Manuel Cirauqui

Ikus-entzunezko ekoizpeneko irudiak:
Monira Al Qadiri. Laurden sakratua (Holy Quarter, 2020). Instalazioa, 20 minutuko bideoa eta beirazko 46 eskultura (fotograma). Municheko Haus der Kunst museoaren enkarguz egina. Artistaren eskaintza ©Monira Al Qadiri

Instalazioaren ikuspegia:
Monira Al Qadiri, Laurden sakratua (Holy Quarter, 2020). Instalazioaren ikuspegia, Haus der Kunst, Munich. 20 minutuko bideoa eta beirazko 46 eskultura. Argazkia: Maximilian Geuter. Artistaren eskaintza ©Monira Al Qadiri

+ INFO

Baliabide esklusiboakEgin zaitez Community-ko kide eta gozatu eduki honetaz
Entzuteko gida
Monira Al Qadiri: Laurden sakratua