El gran árbol y el ojo

Artea eta emozioak

Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora!

Bisita ezazu Museoa modu autonomoan eta ezagutu zuretzat hautatu ditugun Bildumako obra hauek zugan pizten dituzten emozioak. Egiaztatu ahal izango duzu artelanak ikusteak eta Frank Gehryk diseinatutako eraikineko espazioetan barrena ibiltzeak, ongizateaz gain, sentsazioak eragingo dizkizutela. Zure esperientzia atsegina izatea espero dugu.

MAPA

Itsasadarraren alboko urmaela
El gran árbol y el ojo

Itsasadarraren alboko urmaela

Sar zaitez Museora, eta, behin Atrioan zaudela, irten terrazara. Hortik, eskultura distiratsu hau ikus ahal izango duzu.

Anish Kapoorren lan-mota horiek arkitekturan inspiratuta daude, eta kokapen espezifikoetan jartzeko sortuak dira. Gugan esperientzia intimoak nahiz kolektiboak sortzen dituzte aldi berean. Artistaren arabera, eskulturak “eraldaketa” egoeran daude beti, eta autogenerazio, disoluzio, zatiketa eta biderkatze prozesuetatik igarotzen dira.

Kapoorrentzat, ikuslearen gorputza eta begirada elementu oso garrantzitsuak dira obra honetan: pertsona bakoitzak bere errealitate subjektiboaren ekarpena egiten dio eskulturari haren aurrean jarri eta begiratzen dionean.

Zer ikusten duzu esfera islatzaile horietan eta nola sentiarazten zaituzte?

Anish Kapoor
Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & the Eye), 2009
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
1297 x 442 x 440 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Pisua, oreka, mugimendua…
La Materia del Tiempo | Richard Serra | Guggenheim Bilbao Museoa

Pisua, oreka, mugimendua…

104 aretoa, lehen solairua

Richard Serra XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetariko bat da.

Haren obraren ezaugarrietako batzuk pisua, oreka, materialak (normalean altzairua), mugimendua eta monumentaltasuna dira. Serrarentzat, publikoaren parte-hartzea eta eskulturaren eta espazioaren arteko harremana funtsezkoak dira obra osatzeko.

Denboraren materia instalazioa zortzi eskulturak eta horiek hartzen duten espazioa osatzen dute. Eskulturak sortzeko artistak forma geometrikoak erabiltzen ditu, batzuk eskulturan inoiz erabili ez direnak: elipse bikoitza edo toru izeneko forma geoetrikoaren sekzioa, esaterako. Horrek hainbat efektu eragiten ditu gugan, bai pertzepzio-aldetik, bai mugitzeko orduan ere. Eta zu, nola sentiarazi zaituzte?

Instalazio honetan denboraren progresio bat ere badago: batetik hasieratik amaierara zeharkatzeko eta behatzeko behar dugun denbora kronologikoa; eta, bestetik, esperientziaren denbora, non gure oroitzapen bisual eta fisikoaren zatiak mantendu, konbinatu eta berriz esperimentatzen diren.

Ibil zaitez eskulturen artean, sartu barrura eta esperimentatu sentsazio fisikoak, denborazkoak eta emozionalak. Bakoitza bere erritmora!

Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Zure bake-mezua
Yoko Ono | Artistas | Guggenheim Bilbao Museoa

Zure bake-mezua

Bigarren solairuko terraza

Yoko Ono arte kontzeptual garaikidean, performancean eta parte-hartze artean funtsezkoa da, eta bakearen, giza eskubideen eta feminismoaren aldeko aktibista ere bada.

Paper garrantzitsua bete zuen Japoniako abangoardiaren garapenean, eta Fluxus diziplina anitzeko mugimendu artistikoko eta mugimendu esperimentaleko kide izan zen AEBn eta Europan.

Bilborako nahien zuhaitza parte hartzeko obra bat da; hain zuzen ere, artistak publikoa gonbidatzen du “bake” nahiak idatzi eta zintzilikatzera data seinalatuetan. Mezu horiek Onori bidaltzen zaizkio, munduko bakearen aldeko nazioarteko proiektu batean sar ditzan. Bestela, zuhaitzari xuxurlatu al dizkiozu!

Parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Hori bai, kontuz eta arretaz egin, zure ekintzaz eta inplikatzen duenaz jabetuta.

Yoko Ono, Bilborako nahien zuhaitza (Wish Tree for Bilbao), 1996/2014
Eskuz idatzitako eta markoztatutako testua, olibondoa, lurra, zurezko loreontzia, atrila, etiketak eta boligrafoak
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Itsasoa entzuten
El Anatsui

Itsasoa entzuten

304 aretoa, hirugarren solairua

El Anatsui Nigerian bizi den artista ghanarra da, eskultura garaikidearen erreferenteetako bat.

Bere metalezko eskultura bereziengatik ezaguna da, batez ere. Edari alkoholdunen aluminiozko tapoiak erabiltzen hasi zen obrak egiteko. Material horrek, manipulatzeko aukera ugari ez ezik, Afrikako historiari eta kolonialismoari buruzko irakurketa ugari eskaintzen zizkion.

Haren prozesu teknikoa harrigarria da. Zure ustez, nola burutzen du?

Itsaso gorakorra lanak ohartarazten digu naturak eta zibilizazioek bat-bateko eraldaketak jasan ditzaketela. Obraren eskala klima-aldaketaren izugarrikeriaren metafora bat da. Itsaso gorakorraren forma organiko eta ia monokromoek kontraste bizia sortzen dute galeriaren kanpoaldeko titaniozko gainazal distiratsuarekin.

Zer istorio konta liezazkigukete obra osatzen duten ehunka elementuk? Eta itsaso gorakor eta zilarreztatu horrek?

El Anatsui
Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Aluminioa eta kobrezko haria
800 x 1400 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Arte koloretsua
Ciento cincuenta Marilyns multicolores | Andy Warhol | Guggenheim Bilbao Museoa

Arte koloretsua

303. gela, hirugarren solairua

Andy Warhol Pop Artearen aitzindarietako bat izan zen, eta hainbat irudi-mota erabili zituen gaitzat: pertsonaia ospetsuen aurpegiak edo kultura “herrikoi” eta masa-kulturari zegozkion elikagaien eta kontsumo-produktuen etiketak. Egunkarietatik, publizitatetik eta abarretik lortzen zituen, besterik gabe.

Obra honek Marilyn Monroe irudikatzen du, garaiko celebrity ezagunenetako bat. Aktorearen aurpegia 150 aldiz errepikatzen da! Warholek artelana egiteko serigrafiaz baliatu zen; hots, erreprodukzio mekanikoko teknika.

Obra honetan, Warholek koloreak alderantzikatzen ditu irudiak negatiboan sortzeko, eta horrek itxura irreal iradokitzailea ematen dio.

Marilyn Monroe —aktorea, abeslaria eta modeloa— pop kulturaren ikono nagusietako bat izan zen. Ba al zenekien, aske eta errebelde, bere zinema-ekoiztetxea sortu eta zuzendu zuen lehen emakumea izan zela?

Andy Warhol
Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns), 1979
Akrilikoa eta serigrafia mihise gainean
201 x 1.055 x 6 cm

ARTETIK: From the Art
Artetik

ARTETIK: From the Art

303 areto alboko korridorea

Zer sentitzen duzu artelan bati begiratzean? Besteek ere gauza bera sentituko ote dute pieza berari begira? Ez galdu ARTETIK: From the Art ekimen digitala!

Instalazio horrek aukera ematen dizu Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanen aurrean sortzen zaizkizun emozioak aztertzeko. Esperientzia digitala da, eta denboraren poderioz osatzen joaten da; horrela, emozioen grafiko kolektibo bat sortzen du, pertsonek tresnarekin elkarreragiten duten neurrian.

Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak!

Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Cultureren arteko lankidetza da.

Ibilbide hau amaitu da. Arteak nola sentiarazi zaitzakeen erakusten duten adibide batzuk bakarrik dira hauek. Jarraitu Museoa zure kabuz bisitatzen, batetik bestera ibiltzen eta emozio berriak esperimentatzen. Harrituta geratuko zara!

Gozatu izana espero dugu; esperientzia honekin ondo sentitu zarelakoan, laster arte!

Beste ibilbide batzuk