Aktibismoa eta konpromisoak
“Poesia ez da sinesmena. Ez da logika. Ekintza da” 1
Yoko Ono (Tokio, 1933) bakearen eta giza eskubideen aldeko ekintzailea eta feminista da. Onok eta John Lennon (Liverpool, 1940 – New York, 1980) musikari britainiarrak Londresen ezagutu zuten elkar 1966an, Yoko Onok Indica Galleryn aurkeztutako bakarkako erakusketa batean. Hiru urte geroago ezkondu ziren eta, hedabideen ikusmina baliatuz, bakearen aldeko kanpaina egiteko erabili zuten ezkontza hura. 1969ko martxoaren 25 eta 31 bitartean, Bed-In For Peace ekintza burutu zuten. Ekintza hartan, pijama jantzita ohean zeudela prentsaren aurrean hitz egin eta indarkeriaren aurkako mezua eztabaidatzen zuten, gerraren aurkako jarrera adieraziz. Ekintza honen une gorena “All we are saying / Is give peace a chance” kantua izan zen, hortik aurrera mugimendu bakezalearen ereserki bilakatu zena. Bakearen eta giza eskubideen aldeko ekimen honekin batera, publizitate-kanpaina egin zen eta iragarki panelak jarri zituzten “War is over! If you want it” (“Gerra amaitu da! Nahi baduzu” ) 2 mezuarekin.
1960ko hamarkada hasieran, emakume artistak beren gorputza adierazteko baliabide gisa erabiltzen hasi ziren, funtsean gizonezkoena zen gizarteak historikoki ukatutako eskubideak jendaurrean aldarrikatzeko argudio eta tresna gisa3. Onok ere, artista moduan, feminismoari lotutako alderdi sozial eta politikoetan parte hartu zuen. 1970ean, “Woman is the Nigger of the World” kantua elkarrekin egin zuten Onok eta Lennonek; emakumeak munduan jasaten duen zapalkuntza salatzen zuen. Onok The Feminization of Society (“Gizartearen feminizazioa”) izeneko saiakera argitaratu zuen hurrengo urtean; bertan jasotako ideiek eta argudioek indarrean diraute oraindik ere.
Onoren ekintzek, hasiera batean gizonezkoak nagusi ziren giro artistikoan garatutakoak, “ukitze fisikoari, igurzteari, ezkutatzeari eta lo egiteari, amets egiteari edo oihukatzeari lotutako erreferentziak” jaso ohi dituzte, hots, bere imajinario feministari lotutako ekintzak ziren4. 1970eko Eulia (Fly) filmean intsektu baten ikuspegitik arakatu zuen emakumearen gorputza, emakumearen gorputza bigarren mailako atal hutsa balitz bezala aurkeztuz. Gizarteak emakumeari esleitutako rol pasiboari heltzen dio filmak.
Bere bizitzan zehar, Onok gune publiko zein pribatuetan parte hartzen jarraitu du. Iragarki panelak, eraikin publikoak, automobilak edo merchandising-eko objektuak baliatzen ditu munduan zehar bere ideiak eta irudiak zabaldu eta barreiatzeko5. Hedabideen bitartez publiko zabal batengana zuzentzeko estrategia hau oso agerikoa izan zen 1964an, izan ere, Borobila marrazteko ekitaldia (Draw Circle Event) eta Zulo ekitaldia (Hole Events) proposamenetan, iragarkien bidez, zerua ikusteko angeluzuzen batean zirkuluak marraztea edo postaletan zuloak egitea eskatu zien ikusleei IsReal Gallery galeria faltsutik. Ekintza horiek 1965ean gauzatu ziren postal formatu desberdinak erabiliz.
Internet ere tresna eraginkorra izan da artistak bere helburuak betetzeko orduan. Acorns: 100 Days with Yoko Ono, 1996 ekimena 1960ko hamarkadan egindako ekintza eta ekitaldien bilakaera gisa uler daiteke. Bertan, mezu poetikoak edo jarraibideak baliatuta, beren bizitzak ikuspegi desberdinetatik birplanteatzera eta berraztertzera bultzatzen ditu irakurleak. 1996ko Acorns: 100 days with Yoko Ono ekimenean, artistak, 100 egunetan, egunero mezu-poema bat zintzilikatu zuen webgunean eta interesa zutenei erantzunak edo iruzkinak egiteko gonbitea luzatu zien.
Azken aldiko instalazioek, berriz, meditazioa eta hausnarketa egiteko giro egokietan murgiltzeko aukera ematen diote ikusleari, era horretara, gizakiaren eta bere ingurunearen arteko erlazioa zalantzan jarriz. Goizeko izpiak (Morning Beams), 1996/2014 eta Ibai zola (River Bed), 1996/2014 obrak nylonezko sokez eta harriz egindako obrak dira, eta, hurrenez hurren, eguzki izpiak eta ibai zoletako errekarriak irudikatzen dituzte. Yoko Onok oroimenaren ibilbideari so egiteko gonbitea egiten digu instalazio honen bidez, bai eta iraganeko sentipen eta uneak gogoratzekoa ere. Gure bizitzak, ibaiak bezalaxe, batzuetan lasai edo sutsuki dabiltzala iradokitzen du obrak, eta oroimena, harria bezala, uraren jarioarekin eta denboraren iragatearekin osatzen dela. 6
Artistaren seme Sean Lennonek (New York, 1975), berriki, fracking-ak ingurumenean eragiten dituen kalte larriak eta osasunarentzat dakarren arriskua salatzeko plataforma bat sortu du. Fracking-a gasa erauzteko metodoa da, eta harkaitzetan ura eta konposatu kimikoak injektatzean datza.
- Takiguchi (1931), Alexandra Munroek aipatutakoa. “Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono”. YES YOKO ONO, erak. kat., Japan Society Gallery, New York, (2000ko urriak 18–2001ko otsailak 14), 32. orrialdea.
- Munroe. “Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono”. 31–32. orrialdeak.
- Ingrid Pfeiffer. “Bringing the World into Balance”. Yoko Ono. Half. A. Wind show. A Retrospective, erak. kat. ,Guggenheim Bilbao Museoa (2014, martxoak 14–2014, abuztuak 31), 32–33. orrialdeak.
- Alexandra Munroe. Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono. Kat. Erak. YES YOKO ONO at the Japan Society Gallery, New York, (2000, urriak 18–2001, otsailak 14), 28. orrialdea.
- www.imaginepeace.com/archives/16052/comment-page-1
www.liverpoolbiennial.co.uk/whatson/past/all/233/my-mummy-was-beautiful
- Pablo J. Rico. “Seduction of the Gaze and Life Experience in the Work of Yoko Ono”. YES YOKO ONO, erak. kat., Japan Society Gallery, New York, (2000, urriak 18–2001, otsailak 14), 265–266. orrialdeak.
Preguntas
Aztertu itzazu Goizeko izpiak (Morning Beams), 1996/2014 eta Ibai zola (River Bed), 1996/2014 obrak.
Deskribatu obren elementuak eta elementu horien kokapena aretoan. Zein ideia edo sentsazio eragiten dizkizu obra honek? Zerekin erlazionatuko zenituzke?
Nylonezko sokek eguzki izpiak irudikatzen dituzte eta harriak, berriz, ibai zolarekin identifikatzen dira. Zein harreman dute harriek eta argi izpiek? Ba al dute antzekotasunik? Zertan dira desberdin? Zure ustez, zergatik hautatu ditu artistak bi material horiek?
Harriak, izaki bizigabea izanda ere, haren inguruan sortutako bizitzari buruzko arrasto ugari eman diezazkiguke. Eztabaidatu ikasgelan, esaterako, harri batek nola adierazi ditzakeen bizitza eta denboraren igarotzea.
Aztertu harrien multzoak sortzen duen silueta. Zerekin erlazionatuko zenuke? Arbelean marrazki bat egin eta proposatutako aukerak eztabaidatu ditzakezue.
Onok, sarritan, bisitariei harrien kokapena aldatzeko aukera ematen die, hausnarketa eta oroimen ariketa modura. Harri bakoitzak une on eta txarretako oroitzapenak adierazten ditu. Harriak zein eratara jartzea gustatuko litzaizuke? Marraztu arbelean berriz ere ikasleen diseinu berriak eta eztabaidatu ezazue kokapen berriak esanahian eragingo lukeen aldaketari buruz.
Ono ingurumenaren aldeko ekintzaile sutsua da eta gure planeta zaintzearen garrantziaz ohartarazten gaitu bere obren bidez. Obra hau aintzat hartuta, asma ezazue guztion artean ingurumenarekiko kezka islatzen duen leloa edo diskurtsoa.