image

Batasuna eta dualtasuna

"Sinpletasuna konplexutasun ebatzia da"1. Constantin Brancusi

Constantin Brancusi (Hobitza, Errumania, 1876-Paris, 1957) eskulturaren arau askotatik aldendu zen. Auguste Rodin (1840-1917) maisu frantsesarentzat lan egin zuen hilabete bakar batez, 1907an. Haren tailerra uzterakoan, hurrengoa adierazi zuen Brancusik: "Ezer ez da hazten zuhaitz handi baten itzalpean". Rodinek hainbat laguntzaile zituen bere eskulturak urtzeko edo zizelkatzeko. Brancusik, ordea, nahiago zuen eskulturak eskuekin sortu eta materialarekin lotura estua eratu; horretarako, gehienetan zuzeneko zizelkatzea erabiltzen zuen.

Haren eskulturarik ezagunenetako batek, Musua (Le baiser) lanak, ia bereiz ezin daitezkeen gizon bat eta emakume bat erakusten ditu, musu eta besarkada batean elkartuta. Bi irudiek bat egiten dute material bloke bakarrean, batasunaren eta dualtasunaren adibide. Irudiak bularraren azpitik moztuta daude, eta zatitutako gorputzak lurrean kokatzen dira zuzenean. Gai horren inguruan beranduago egin zituen lanetan, bi irudiak elkartu egiten dira, irudien begiek bat egiten duten arte eta bi erdiek begi bakarra dutela dirudien arte. Brancusik Musua lanaren bertsio ugari egin zituen: lehena, 1907-08. urteetakoa, igeltsuzkoa da; hau, aldiz, 1916an sortu zuen eta kareharriz eginda dago. Eskultura honetan besoak lauagoak dira, gorputzek luzangagoak dirudite eta ilea aurrekoetan baino linealagoa da2.

Musua lanean harria zuzenean zizelkatu zuen Brancusik; artistak erabiltzen zituen materialak primeran ezagutzen zituela argi ikusten da gainera3. Bertsio bakar bat ere ez zen oinarritu prestatze-eredu batean; aitzitik, lanaren ezaugarriek zizelkatzen zuen materialaren berezko izaerari erantzuten zioten.

Brancusiren ustez Musua lan erabakigarria izan zen bere arte-ibilbidean. Batzuen iritziz, zuzenean zizelkatu zuelako uste zuen hori; beste batzuen aburuz, baina, uste horren oinarria ziren bi ideia: lanaren mugagabetasuna edo "pitzadurarik gabeko unitatea" osatzen zuela eta "eskultura eta bertan irudikatutakoa bat zirela, harrizko blokearen barnean osorik gordeak"4. Beste azalpen bat izan daiteke Brancusik pentsatzea lan honek bultzatu zuela irudiak edo atalak, gorputz-enborrak edo gorputz gabeko buruak, zizelkatzera; horrela Rodin eta beste eskultore batzuengandik urrundu zen modu iraultzailean5.

Brancusik ez zuen batasuna lortu material bloke sendoetan eskulturak zizelkatuz bakarrik, baizik eta arte-elementu anitz batuz. "Edertasuna aurkakoen harmonia da"6adierazi zuen behin, eta esaldi horrekin bere lanetan islatzen ziren artearen historiaren tirabira batzuk konpondu zituen. Brancusiren lanetan historiaurrekoa eta klasikoa denaren, modernoa eta tradizionala denaren, eta abstraktua eta figuratiboa denaren7 arteko tentsioak ikus daitezke: zuzeneko zizelkatzeari artisau baten moduan heldu zion, eta sortze-prozesu hori, marra klasikoak eta formen abstrakzio moderno uztartu zituen. Brancusiren eskulturek elementu horiek guztiak batzen dituzte.

1 Giménez, Carmen; Gale, Matthew  (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 19. or.
2 Fondation Beyeler eta Guggenheim Bilbao Museoa. Brancusi Serra, erak. kat., 2011, 56. or.
3 Stemp, Richard. Constantin Brancusi: The Essence of Things, irakasleentzako eta gidarientzako liburuxka. Londres: Tate Modern, 2004.
4
Parigoris, Alexandra in Giménez, Carmen;  Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 52. or.
5 Giménez, Carmen;  Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 52. or.
6 Stemp, Richard. Constantin Brancusi: The Essence of Things, irakasleentzako eta gidarientzako liburuxka. Londres: Tate Modern, 2004.
7 Giménez, Carmen; Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 19. or.

 

Preguntas

Begiratu Constantin Brancusiren Musua (Le baiser, 1916) lanari. Galdetu ikasleei zer ikusten duten. Eskatu eskulturan gertatzen dena deskribatzeko: zertan ari dira bi irudiak? Brancusiren beste eskultura batzuekin alderatuz, lan honetan bi irudiak irudikatzeko modua desberdina al da?

Nolakoa izango litzateke eskultura ukitu ahal izango balute? Eskatu ikasleei materiala deskriba dezaten. Azaldu Parisko XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako eraikin asko kareharriz egin zituztela, eta material hori aspalditik erabili izan dela eraikuntzan. Izan ere, ezaguna da Egiptoko piramideak eraikitzeko kareharria erabili zutela [ahal dela, erakutsi zati bat]. Kareharria material apala, merkea eta arkitekturan asko erabiltzen zena bazen ere, Brancusirentzat “erreala” zen, gordina eta latza baitzen. Bere lan askotan, artistak gogoko zuen laztasun (edo ezaugarri arkaiko) horren eta brontzearen edo marmolaren leuntasunaren sofistikazioaren arteko kontrastea. Zer uste dute zure ikasleek Brancusik kareharria lantzen zuen moduari buruz?

Brancusik hilabetez lan egin zuen Auguste Rodin maisu frantsesarentzat, bere kabuz lanean hasi baino lehen. Alderatu Brancusiren Musua Auguste Rodinen Musua (1901-04) lanarekin (). Zer uste dute hartu zuela Brancusik Rodinen lanetik? Zeri egin zion aurka? Eskatu maisuaren (Rodin) eta ikaslearen (Brancusi) arteko elkarrizketa bat idazteko (Brancusik bere tailerra sortu aurretik kokatu behar dute).

Brancusik maiz haren lanari buruzko eta orokorrean arteari buruzko adierazpen laburrak edo aforismoak egiten zituen. Eskatu ikasleei Brancusiren hurrengo esaldiari buruz eztabaida dezaten: “Edertasuna aurkakoen harmonia da”.