pello irazu

Bizitza formak 304 (Life Forms 304), 2003

Bizitza formak 304 (Life Forms 304), 2003
Altzairua, kontratxapatua, egurra, zinta itsaskorra eta horma-pintura
Eraikinaren neurriak: 360 x 315 x 340 cm
Kokapen espezifikoaren neurri osoak
Guggenheim Bilbao Museoa

[Guggenheim Bilbao Museoko] 304 aretoa aukeratu nuen horma makurrek eraikinaren egitura orokorra ekartzen dutelako gogora; paretak ez dira abstraktuak, aitzitik, eraikinaren azken adierazpenarekin bat datoz. Pello Irazu [1]

Pello Irazurentzat (Andoain, 1963), eskultura adierazpide oso irekia da, formatu eta material ugari erabiltzeko eta, horrez gain, elementu grafikoak (marrazkia eta horma-pintura, adibidez) eta arkitekturako elementuak (besteak beste horma eta espazioa) sartzeko aukera ematen diolako. Bizitza formak 304 (Life Forms 304) Guggenheim Bilbao Museoaren bildumarako berariaz sortutako instalazio bat da. Hiru zati ditu: horma-irudi bat, eskultura bat eta Museoko aretoa bera, aurreko bi elementu horiek biltzen baititu. Irazuren iritziz, eremu hori obraren parte garrantzitsu bat da. Izatez, Bizitza formak 304 izenburuak dagokion gunearen izenarekin du zerikusia: Museoko hirugarren solairuko 304 aretoa, hain zuzen. Obra honen bertsio bat Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz galerian instalatu zuten lehenago, 2001. urtean. Gero, Museoak 2003an erosi zuenean, artistak moldatu egin zuen lana. Museoko espazio batzuk aztertu zituen, obrarentzako egokiena aukeratze aldera, eta azkenik 304 aretoa aukeratu zuen, pareta makurrak dituelako: eraikinaren kanpoko azala, alegia Museoaren anatomia islatzen zuenaren ideia gustatu zitzaion. Oraingoan, obra beste areto batean jarri dugu, 304 galeriaren paretak imitatzeko moldaturiko areto batean. Artistak berak hartzen du parte erakusketen diseinuan, harentzat oso garrantzitsua baita, batetik, obrak espazioan nola kokatzen diren; eta bestetik, elementuak beren artean eta arkitekturarekin eta ikusleekin nola erlazionatzen diren.

Aretoaren erdian eskultura bat dago. Aurrealdetik babesleku bat dirudi, etxe txiki bat; baina bisitaria gerturatuz gero, ikusten da zeinen ezegonkorra den.[2] Albotik begiratuta, angelu, tentsio eta indar ugari agertzen dira, eta badirudi eraikinak oreka ezegonkor baina ongi aztertua duela. Artistak etxeko espazio bat deseraiki eta bizitzeko egokia ez den zerbait sortu du. Gainera, metalaren, egurraren, kontratxapatuaren eta kolorezko elementuen konbinazioak hautsi egiten du muntaiaren logika, printzipio eraikitzaile eta, halabeharrez, arkitektonikoa.[3]

Galeriako pareta makurra zeharkatzen duten marrazkiek basoko paisaia ekartzen digute gogora, aretoaren erdiguneko egitura islatzen eta hura jarraitzen dutela diruditen zuhaitz eta itzalekin. Gainera, artistak pareta lerro urdin eten batekin estali du, eta paisaia baten hodeiertzaren antzera funtzionatzen du. Era horretan, ikuslearen begirada zuzentzen du eta espazio osoa behatzera adoretzen du, obrako elementu guztiak ikusteko. Irazuren asmoa zen ikusleek pieza objektu isolatu moduan ez ikustea, baizik eta nolabaiteko arkitektura-eraikin txiki baten moduan.[4]

Preguntas

Begiratu Bizitza formak 304 obra eta deskriba ezazu ahalik eta zehatzen. Zer ikusten duzu? Lagun bati pieza zertan den azaldu beharko bazenio, nola azalduko zenioke? Zer nabarmenduko zenuke?

Obra hau hiru zatiz osaturiko instalazio bat da: batetik, paretako horma-irudia; bestetik, erdian dagoen eskultura; eta azkenik, aretoa bera, piezaren elementu integratzailea. Hiru osagai horien artean zer erlazio dagoela iruditzen zaizu? Irazuren iritziz, aretoa obraren funtsezko parte bat da; zergatik uste duzu artistak iritzi hori duela? Nola aldatuko litzateke obra ulertzeko gure modua, erdiko eskultura beste lekuren batean balego?

Ikusleak instalazioan ibil daitezke eta objektuak gertutik ikus ditzakete. Zergatik uste duzu nahi duela artistak gu obraren inguruan ibiltzea?

Orain, behatu aretoaren erdian dagoen egitura. Zer ekartzen dizu gogora? Urrunetik nahiko egonkorra dirudien arren, erdiko egitura oso ezegonkorra da, oreka hauskor baina ongi aztertua du. Zergatik interesatuko ote zitzaion artistari itxura sendoa duen egitura ahul bat eraikitzea? Ba al dakizu zein materialekin egina dagoen? Non uste duzu aurkitu ditzakezula material horiek?

Egiturari soinua jartzeko aukera izango bazenu, zer entzungo genuke? Funtzio bat egokitu beharko bazenio, artelana izateaz aparte, zertarako erabiliko zenuke?

Instalazioko izenburua, Bizitza formak, izaki bizidunen zein bizitzeko moduen gainekoa izan daiteke. Zergatik uste duzu aukeratu duela izenburu hori Irazuk? Zer ekarpen egiten dio izenburuak obra ulertzeko moduari? Zer izenburu jarriko zenioke zuk?

Begiratu horma-irudia. Zer ekartzen dizute gogora beltzez egindako marrazkiek? Zergatik uste duzu margotu duela Irazuk kolorezko zerrenda urdinez? Zergatik uste duzu jarri zuela altuera horretan? Desberdin hautemango al zenuke obra, zerrenda beste kolore batekoa balitz? Zer tonu erabiliko zenuke zuk?