bola suspendida

Bola zintzilik (Boule suspendue), 1930–1931

“Aspalditik, nire espirituak bukatuta ikusi dituen eskulturak egin ditut; espazioan irudikatu baino ez ditut egin, ezer aldatu gabe, neure buruari galdetu gabe zer esan nahi zuten”[1].

Borgonovo-n (Suitza) jaio zen Alberto Giacometti 1901ean, eta, betidanik, ingurune artistiko batean murgilduta bizi izan zen, aita pintore neoinpresionista baitzen. 1922an Parisera joan zen, eta bertan bizi izan zen hil zen arte (1966an). Goiz hasi zitzaion mugimendu surrealista interesatzen, eta hari atxiki zitzaion 1930etik 1935era. Bola zintzilik, 1930 eta 1931 artekoa, Giacomettiren lehenengo aldi surrealista horretakoa da. Obrak bi solido ditu burdinazko kaiola ireki baten barruan kokatuta: esfera bat, pitzadura batekin, zintzilik; eta forma erdizirkular bat, ilargi-erdi formako bi planorekin. Bola etengabe mugitzen da, pendulu bat bezala, eta ertza igurzten du. Mugitzen ari diren bi gorputzek elkar ukitzen dutenean, nolabaiteko urduritasun-sentipena sor daiteke.

Hain zuzen ere mugimendu surrealistaren sortzaile André Breton-ek pieza ezagutu eta erosi egin zuen, eta, orduz geroztik, artistaren lagun egin zen. Giacomettiren estilo guztiz pertsonalak garaiko hainbat artista eta intelektual ospetsuren interesa piztu zuen: Salvador Dalíren iritziz, artistaren Bola zintzilik (1930–31) obra “funtzionamendu-objektu sinboliko” surrealistaren prototipoa da, eta indarkeriazko edukia edo eduki erotikoa ditu.

Hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetako berezko poetikari eta joera surrealistari jarraiki, Giacomettik introspekzioa, ametsak eta eromena erabili zituen gai gisa, eta eguneroko objektuen inguruan imajinatutako unibertsoa txertatu zuen bere obretan. Handik gutxira, mugimendu artistikoaren eragina barne-munduak irudikatzen dituzten lan onirikoetan eta ezohiko irudietan islatu zen. Hain zuzen ere, Giacomettik berak urte bereko argitalpen batean obrari buruz esan zuenez, objektu askok izugarri erakartzen zuten, modu ulergaitzean[2].

Bestalde, Giacomettirentzat oso garrantzitsua zen haren arrastorik ez zeraman eskultura bat egitea; hau da, haren marka, manipulazioa eta kalkuluak erakusten ez dituzten piezak. Artistak berak esan zuenez, buruan amaituta ikusten zituen eskulturak soilik garatzen zituen, eta haiek gauzatzea oso erraza egiten zitzaion; batzuetan, ia aspergarria ere bai. Hori dela eta, “proiekzioak” esaten zien bere lanei.

Bola zintzilik obraren garaiko alderdirik berritzaileena obran benetako mugimendua erabiltzea da. Ordura arte, eskultura estatikotzat hartu izan zen beti. Bola pendulu bat bezala kulunkatzen denez, ikusleak mugimendua hautematen du; hau da, obrak ez du soilik mugimendu-ilusio bat sortzen, baizik eta mugimendu hori badago fisikoki, zehazki eta objektiboki, eta ez soilik forma plastiko gisa. Mugimendua erreala da; hortaz, eskulturari dagokion denbora-ingurunea esperientziaren denbora errealarena da.

Preguntas

Behatu arretaz obra hau. Nola deskribatuko zenukete? Zer irudi geometriko ikus ditzakezue bertan?, Zuen ustez, zer objektu dira? Itxuraz, zer harreman dago haien artean? Zuen iritziz, nola aldatuko litzateke obraz duzuen pertzepzioa irudi geometrikoak desberdinak balira (adibidez, piramide bat eta kubo bat)?

Adierazi zuen ustez nola egin duen artistak obra, urratsez urrats. Zer sentsazio izango zenituzkete hura ukituz gero? Zergatik?

Igeltsuz, metalez eta listariz egin zen obra: zuen ustez, zer ezaugarri ditu material horietako bakoitzak? Zer nolakotasun iradokitzen dizkizuete? Zer lotzen duzue igeltsuarekin? Eta metalarekin eta listariarekin? Beste material batzuekin antzeko obra bat egin ahal izango bazenute, zein aukeratuko zenukete?

Piezaren izena Bola zintzilik da. Zer azpititulu jarriko zeniokete?

Arretaz begiratzen badiozue, erdiko pieza solidoak mugitu egiten dira, eta elkar ukitu ere egiten dute apur bat. Elkar ukitzean egiten duten soinua entzuterik bazenute, zuen ustez nolakoa izango litzateke? Ahal izanez gero, zer musika aukeratuko zenukete mugimenduari laguntzeko? Aukeratu obrari ondo doakion abestiren bat. Zuen iritziz, zergatik ekarri dizue obrak musika hori burura?

Eskultura honen alderdi berritzaileenetako bat mugimendua da: esfera pendulu bat bezala kulunka daiteke, eta horrek sortzen du harreman bat espazioarekin, ibilitako espazio bat eta objektuen arteko marruskadura. Egilearen beraren arabera, une hartan, ezin zuen jasan eskulturek besterik gabe itxurazko mugimendu-ilusioa sortzea; hori dela eta, erreala eta benetakoa zen mugimendua sortzen saiatzen zen. Zer deritzozue horri? Zuen ustez, obrak esanguratsuagoak al dira benetan mugitzen badira, mugimendu-ilusioa sortzen badute baino? Arrazoitu erantzunak. Obrak sortutako mugimendua iraultzailea izan zen garai hartan; zergatik?