Caroline sentada de cuerpo entero

Caroline eserita gorputz osoz (Caroline assise en pied), ca. 1964–1965

“Aurrean dudan pertsona gauza konplexu eta kontraesankor gisa ikusten dut; hori dela eta, hura ulertzeko, kopiatu egin behar dut, hobeto ikusteko eta gehiago ezagutzeko. Horregatik jarraitzen dut hura kopiatzen”[1].

Alberto Giacometti (1901–1966) eskulturagintzan jardun zen, eta horregatik da batez ere ezaguna, baina pintore bikaina ere izan zen. Nagusiki erretratua eta antzekotasuna islatzeko gaitasuna interesatzen zitzaion. Hala, artistak genero honetako zenbait obra egin zituen; besteak beste, Annette Arm emaztearen erretratuak, Diego anaiarenak, Jean Genet idazlearenak, eta bere amorante eta azken musa Caroline gaztearenak.

Obra guztietan etengabe agertzen zaizkion obsesioei forma ematen die erretratuetan; adibidez, giza figuraren irudikapena (hain zuzen ere, buruarena). Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, existentzialismoan eta giza hauskortasunean jarri zuen arreta, eta, sormen handiz, obra piktorikoen bidez aztertu zituen gai horiek. Obra horietan, aurrera begira dauden figura zurrunak irudikatzen ditu, sinbolikoki espazioan isolatuak[2].

Caroline eserita gorputz osoz mihise gaineko olio-pintura bat da. Bertan, prostituta frantses gazte bat ageri da. 1958an ezagutu zuen artistak, Montparnasse auzoan, ziurrenik Chiez Adrien tabernan. Orduan 21 urte zituen Carolinek; Frantziako mendebaldean jaio zen, eta lan bila joana zen Parisera. Gaztea eta polita zen, eta nortasun, pertseberantzia eta adore handia zituen; Giacomettiren ustez, ezaugarri horiek oso erakargarriak ziren emakumeengan.

Pintura hau artistaren lan pertsonalenetako bat dela esan daiteke. Erretratuko pertsonaren begirada deigarria da, baita hura aurrera begira irudikatzea ere: modeloaren hankak lehenengo planoan daude, eta gorputzaren gainerakoa urrunago; Giacomettik bere eskulturetako batzuetan ere erabili zuen baliabide hori. Proportzioan, buruak txikia dirudi gorputzaren gainerakoarekin alderatuta, obra distantzia batera behatzera behartu nahi baitzuen artistak ikuslea. Horren ildotik, artistak noizbait esan zuen jendea ez dugula tamaina naturalean ikusten eta begiradan dagoela arima. Baieztapen hori haren obra eskultoriko eta piktorikoaren corpus teorikoaren parte da.

Teknikari dagokionez, Giacomettik harreman espazialekiko interesa eta irudikatutako figuren oso ikuspegi pertsonala konbinatzen ditu. Obra hau pinturarekin egin da, lerroa eta marratua erabilita bolumena eta espazioa iradokitzeko. Oro har, ez da nagusi kolorea Giacomettiren pinturetan. Haren erretratuek zirriborroak dirudite; aurpegiak lerro ilun ugaritan oinarrituta sortzen dira, prestakuntza-zirriborroak izango balira bezala, grisean eta beltzean, inoiz edo behin kolore beroetan[3].

Giacomettiren eta Carolineren artean 40 urteko aldea zegoen, baina hori ez zen eragozpen izan artistaren bizitzako azken urteetan harreman bat izan zezaten. Haien arteko idilioa bihurri samarra izan zen, artista Annetterekin ezkonduta baitzegoen oraindik, eta Caroline agertu eta desagertu egiten baitzen; beste gizon batekin ezkondu ere egin zen. Hala ere, artista eta Caroline elkarrekin egon ziren era batera edo bestera; elkar maite zuten, elkarrekin bidaiatzen zuten, eta elkarrekin bizi ere egin ziren. Carolinek Giacomettirentzat posatu zuen haren tailerrean, eta artistak zenbait erretratu egin zizkion.

Preguntas

Behatu arretaz Giacomettik bere bizitzako azken urtean egin zuen obra hau. Bertan, Caroline agertzen da, artistaren musa, eta Caroline eserita gorputz osoz du izena. Zuen ustez, zer distantziara dago modelotik? Modeloa non dagoen imajinatzerik bazenute, nolakoa izango litzateke?

Artistak egin zuen Carolineren azken erretratuetako bat da obra hau. Zerk ematen dizue atentzioa? Zertan dira desberdin obra hau eta inoiz ikusi izan dituzuen beste batzuk? Deskribatu neskaren ezaugarri fisikoak.

Orain, begiratu arretaz nola dagoen pintatuta koadroa. Jarraitu lerroei eskuan pintzela bazenute bezala; nola mugitu behar zenukete pintzela obra pintatzeko? Zuen ustez, etapa bakarrean pintatu al zuen Giacomettik? Edo geruza bat baino gehiago aplikatu zituen, batzuk besteen gainean, fase desberdinetan? Zerk pentsarazten dizue hori? Zer kolore dira nagusi? Zergatik pintatuko ote zuen Giacomettik koadro hau ia modu monokromatikoan?

Arretaz erreparatzen badiozue, Carolineren burua txiki samarra da beste gorputz zati batzuekin alderatuta. Zuen ustez, zergatik gertatzen da hori? Zer posiziotan du gorputza modeloak? Zuen ustez, zergatik dago horrela? Posizio erosoa iruditzen al zaizue? Nork erabakitzen du jarrera erretratuetan: artistak edo modeloak? Arrazoitu erantzunak. Erretratu bat egingo balizuete, non eta zer posiziotan agertu nahi zenukete?

Obran, Caroline bakarrik dago. Elementuren bat gehitzerik bazenu lagun egin diezaion, zer izango litzateke? Gainera, erretratuan ageri den gela erabat hutsik dago; zer altzari edo apaingarri gehituko zenituzkete? Zer tonu erabiliko zenituzkete horretarako? Erretratuan, Caroline gorputz osoz ageri da. Zuen ustez, nola aldatuko litzateke emakumeari buruz duzuen iritzia busto bat baino ez balitz?