Guggenheim
  • eu +
  • Community
Default image for educational_guide
Sarrera

“Pinturan, bilatzea ez da garrantzitsua. Kontua aurkitzea da.” 1

Pablo Picasso, Céreteko paisaia (Paysage de Céret), Céret, 1911ko uda. Olio-pintura mihise gainean, 65,1 x 50,3 cm. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim fundazioaren bilduma, 37. 538 dohaintza. © 2011 Estate of Pablo Picasso/Artists Rights Society (ARS), New York.

Sarrera

Pablo Picassok (1881ean jaio zen Malagan; Mouginsen, Frantzian, hil zen 1973an), XX. mendean eragin handia izan zuen artista dinamikoak, estilo artistiko desberdin ugari landu zituen bere ibilbide luzean, Kubismoaren hastapen historikoa nabarmenduz.

Kubismoa iragan mendeko estilo artistiko berritzaile eta eraginkorrena izan dela aitortzen zaio mundu osoan. Paul Cézanne artista postinpresionista frantziarraren ezaugarri den formen tratamendu bolumetrikoa oinarri hartuta, Kubismoa garatzeko lehen aroari heldu zioten Picasso eta Georges Braque (1882-1963) artistek. Bi artistek nork bere estudioan bereizita lanean jardun arren, sarritan elkartzen ziren norberaren aurrerakuntzez hitz egin eta batak bestearengandik ikasteko. 1908an hasi ziren hartu-emanetan Picasso eta Braque, eta harreman hori sakondu egin zuten, elkarlanera iritsiz. 1911ko udan, elkarrekin egon ziren Frantzia hegoaldean, Céreten, bertan artista kolonia ezaguna biltzen baitzen. Beren artelanak alderatu, eta aukera berriak aztertu zituzten. Elkarrekin hasi ziren estilo berri bat asmatzen, eta Kubismoa sortzearen meritua egotzi zaie biei. Bien margolanak oso antzekoak dira, eta kritikari askok bereizteko zailtasunak izaten dituzte. Braque bera honela mintzatu zen: “Picasso espainiarra da eta ni frantziarra: badakigu horretan desberdintasun handiak ditugula, baina urte haietan ez genituen desberdintasun horiek aintzat hartzen” (Alex Danchev, Georges Braque: A Life. Arcade Publishing, Inc., New York, 2005, 117. orrialdea). Estilo kubistak plano piktorikoaren gainazal laua eta bi dimentsiokoa nabarmentzen zuen, eta, aldi berean, perspektibaren, eskortzoaren eta modelaketaren teknika tradizionalak baztertzen zituen. Bestalde, artea naturaren imitazioa dela zioten teoriak gezurtatzen zituen. Margolari kubistek ez zuten forma, testura, kolorea eta espazioa kopiatzeko beharrik ikusten; horren ordez, errealitate berri bat erakutsi zuten objektu erabat zatikatuak irudikatzen zituzten margolanen bidez, objektu horien alderdiak aldi berean ikusten zirelarik. Kolore paleta monokromatikoa egokitzat jotzen zuten objektuaren perspektiba anitzak eta konplexuak adierazteko, objektua plano opako eta gardenen gainjartzea bilakatu baitzen. Kubismoak abstrakziorako bidea egin zuen eta artea ikusteko modu berriak azalerazi zituen.

Une gorenean, Braquek eta Picassok ia erabateko abstrakzioaren muturreraino eraman zuten Kubismo Analitikoa. 1911ko uda hartan margotutako Céreteko paisaia margolanean, kolore motel eta primitiboko orbanak, eskailera eskematikoak eta leiho gangatuak erakusten dira berreraiki beharreko ikus-arrasto moduan. Artelan kubista guztietan bezalaxe, irudi osoa "ikusi" ez ezik, "pentsatu" egin behar da margolan honetan (Jan Avgikosek New Yorkeko Guggenheim Museoaren orrialdeko On Line Bilduman egindako sarreratik egokitua).

1. Picasso, Herschel B. Chipp-en, Theories of Modern Art: A Source Book by Artists and Critics. University of California Press, Berkeley, 1996, 263. orrialdea.

Galderak

Ikasleei Pablo Picassoren Céreteko paisaia artelana erakutsi aurretik, jakinarazi ikustera doazen margolana 1911ko udan margotu zuela artistak, Frantzia hegoaldeko herri batean zela, orain dela ehun urte inguru. Begirada bat eman Céreti buruz Interneten ageri diren argazkiei. Mende batean barrena herriak hainbat aldaketa jasan arren, ikasleek eskualdeko paisaia eta arkitektura gutxi gorabehera irudikatuko dute. Eskatu ikasleei Céreteko paisaia margolanean ikustea espero dutena irudikatzeko, eta, agian, horren zerrenda edo zirriborro bat egin dezatela.

Erakutsi Céreteko paisaia, 1911.

Zer ikus daiteke?

Zein desberdintasun ditu margolanak haiek irudikatutakoarekin? Ba al da espero zutenarekiko antzekotasunik?

Zertan desberdintzen da margolana paisaia tradizionalei dagokienez?

Zein arrasto eskaintzen ditu Picassok margolan honen gaia Céret herria dela adierazteko?

Jarduerak

Kubistek espazioa irudikatzeko era berria garatu zuten, elkarrekin nahasten diren perspektiba anitz erakutsiz. Haien iritziz, ez zegoen naturaren perspektiba finko eta bakarra; inguruan zituzten objektuek eta espazioek (figura eta atzealdea) garrantzi bera izan behar zuten, eta alderdi edo elementu geometrikoetan bereizi.
Artelan kubista bat egiteko, eskatu ikasleei objektu arrunten bidez osatutako natura hil bat sortzeko. Iturriak, botilak, pitxerrak, frutak eta musika-tresnak artelan kubisten ohiko objektuak izaten dira. Natura hila perspektiba desberdinetatik marraztu beharko dute, paperezko orri bakar batean perspektiba desberdinak gainjarriz. Baliteke ezkerrera edo eskuinera mugitu behar izana, edo perspektiba igoz edo jaitsiz haien perspektiba aldatu behar izana. Amaitzean, geruza desberdinetako marrazkia izango dute, perspektiba anitzak islatuz. Jarraian, koloretako arkatzak edo margoa erabiliz, marrazkiaren atal erakargarrienak nabarmendu beharko dituzte. Marrazkia behaketan oinarrituta egon arren, baliteke, behin amaituta, artelan horrek jatorrizko inspirazio-iturriarekiko antzekotasun handirik ez izatea; hala ere, pertzepzio desberdinak jasotzeko balioko du lanak.

Céreteko paisaia “ikusi” ahal izateko, Picassok leku baten ikuspegia sortzeko ematen dituen arrastoak eta zatiak berriz osatu beharko ditu behatzaileak. Irudi osoa “ikusi “ahal izateko, “pentsatu” egin behar da, eta pertsona bakoitzak era desberdinean ikusiko du.

Hori agerian uzteko, Picassoren Céreteko paisaia margolanaren fotokopia bana eman ikasleei. Jarraian, fotokopia estaliko duen kalko-paper zati bat eman ikasle bakoitzari. Céreteko paisaia bila dezaten eskatu, eta koloretako arkatzak erabiliz, beren paisaia sortu dezatela fotokopia abiapuntu gisa erabilita. Behin amaituta, fotokopia kendu eta orri zuri batez ordezkatu beharko dute, eta, horrela, ikasleak egindako obra ikusiko da soilik. Hitz egin interpretazio desberdinei buruz.

Braquek eta Picassok sortutako margolanetako asko oso antzekoak dira, eta arte kritikari eta historialariek ere bereizteko zailtasunak izaten dituzte. 1911n, Céreteko teilatuak margolana (Georges Braque, Céreteko teilatuak, 1911. Olio-pintura mihise gainean, 88,2 x 64,8 cm. Bilduma pribatua) egin zuen Braquek; margolanaren kopia bat aurkituko duzu Interneten. Eskatu ikasleei bi margolanak alderatzeko. Antzekotasun ugari daude, baina ba al da desberdintasunik? 1913an, Juan Gris (1887–1927) margolari espainiarrak Céreteko paisaia izeneko margolana egin zuen (Juan Gris, Céreteko paisaia, 1913. Olio-pintura mihise gainean, 92 x 60 cm. Moderna Museet, Stockholm); margolanaren irudia ikus daiteke http: //www. modernamuseet. se/en/The-Collection/The-collection1/Search-the-Collection/ web orrian. Eskatu ikasleei artista desberdinen estiloak eta Céreten inguruan zituzten inpresio desberdinak alderatzeko.