Guggenheim
Sarrera

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA

 

Chen Zhen, Bat-bateko erditzea (Precipitous Parturition, 1999).
Bizikleta-gurpilen kautxozko kamerak, aluminio eta plastikozko jostailuzko autoak, metala, bizikleta-zatiak, silikona eta pintura; luzera: 26 m gutxi gorabehera; diametroa: 150 cm gutxi gorabehera. Pinault Collection
© Chen Zhen. Argazkia: Chen Zhen.

 

 

 

 

 

 

 

Chen Zhen, Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera/Zoriontasunera iristea (Fu Dao/Fu Dao, Upside-Down Buddha/Arrival at Good Fortune), 1997.
Altzairua, banbua, Budaren erretxinazko estatuak, garbigailua, ordenagailu-monitorea, pneumatikoak, bizikleta, haizemailea, aulkia, etxetresna elektrikoak, aurkitutako beste objektu batzuk eta soka; guztira 500 × 800 × 650 cm gutxi gorabehera.
Eskaintza: GALLERIA CONTINUA, San Gimignano/Pekin/Les Moulins/Habana
© Chen Zhen. Argazkia: Chen Zhen

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia Txinako arte garaikideari buruzko erakusketa handi bat da, eta Txinaren nahiz munduaren azken urteotako historiaren aldi eraldatzaileena aurkezten digu: 1989tik 2008ra bitartekoa. Gerra Hotza amaitu eta globalizazioa agertu zenetik Txina munduko potentzia gisa gorantz hasi eta 2008an Pekinen Joko Olinpikoak izan ziren arte luzatzen da aldi hori. Erakusketan lehen mailako 70 bat artista eta talde txinatarrek hartzen dute parte, eta 150 obra esperimental inguru ikus daitezke, era guztietakoak: zinema eta bideoa, instalazioak, pintura, eskultura, argazkilaritza eta performancea, arte sozialki konprometitua eta arte aktibista. Erakusketa sei atal tematiko eta kronologikotan banatuta dago eta Museoaren bigarren solairu osoa hartzen du.


“Ez dut gaizki-ulertuarekin jolasten. Hura sortzen saiatzen naiz.” [1]

Chen Zhen 1955ean jaio zen Shanghain, mediku-familia batean; artista eta eskultore kontzeptuala izan zen, eta Parisen bizi izan zen. Chenen obrak giza gorputzaren errealitateak aztertzen ditu, baita espiritualtasunaren eta kultura kapitalista modernoaren arteko harremana ere.

Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera / Zoriontasunera iristea (Fu Dao/Fu Dao, Upside-Down Buddha / Arrival at Good Fortune, 1997) obran, aurkitutako hainbat objektu (esaterako, figuratxoak, auto-piezak, telebistak eta haizagailu elektrikoak) pagoda-formako egitura batetik zintzilik daude. Egitura horrek santutegi budista bat dakarkigu gogora, teilatua benetako banbuz eginda duela. Shanghaiko jatetxe batean ikusi zuen alderantzizko fu zeinu batean (zori ona) inspiratu zen Chen. Hasieran harrituta geratu zen sinbolo hari begira, baina, azkenean, fu dao (zori ona alderantziz) eta fu dao (zori onaren etorrera) sinboloek soinu bera zutela konturatu zen [2]. Ohikoak dira sinbolo horiek Urte Berri txinatarrean, oparotasuna erakartzen baitute. «Buda buruz behera» gisa ere uler daiteke fu dao, eta Chenek hitzez hitz interpretatu zuen, Budaren figuratxoak buruz behera zintzilikatu baitzituen.

Obrak zalantzan jartzen du “naturaren, tradizio budistaren eta Asian kontsumo-ondasunak bizkor ugaritzearen arteko harremana” [3]. Cheni oso deigarria egiten zitzaion asmo materialistak eta oparotasunagatiko obsesioa tradizio budistekin eta ondasun materialei ez atxikitzeko ideiarekin batera existitzea Asian.[4]

Bat-bateko erditzea (Precipitous Parturition, 1999) obran ere, aurkitutako materialak erabiltzen ditu Chenek: elkarrekin lotzen ditu kautxu beltzezko bizikleta-ganberak, plastikozko jostailuzko autoak eta bizikleta-piezak, 26 metro luzeko dragoi bihurritu bat sortzeko. Eslogan honetan inspiratu zen obra: “2000. urterako, ehun mila lagunek beren auto propioa izango dute. Parte har ezazu Txinako automobilaren industriaren lehian!”[5]. Horrela, Txina bizikleten nazio izatetik ibilgailuen herrialde izatera nola igarotzen den azaltzen du.[6]

Galderak

Erakutsi Chen Zhenen obra, Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera / Zoriontasunera iristea (1997).

Obra hau osatzen duten objektuak honela sailka daitezke: espiritualak, ez-espiritualak, naturalak eta manufakturatuak. Ikasleei instalazioaren izena esan edo azalpenik eman baino lehen, eska iezaiezu hura arretaz behatzeko eta piezan ikus ditzaketen eta erabili diren material guztien zerrenda egiteko; gero, lau kategoria horietan sailkatu beharko dituzte. Ba al dago kategoria batean baino gehiagotan sailkatzen den objekturik, edo objektu guztiak aurkako kategoriei dagozkie? Zer alde on ditu aurkakoak batera existitzeak?

Hau esan zuen Chenek: “Zerbait garratza bada, gauza gozo batekin elkartzen dugu: oso kontraesan modu ohikoa da txinatarren artean, yin eta yang bezala. Nire obran, unerik zirraragarriena aurretik aktibo ez zeuden bi gauza elkartzen direnean gertatzen da. Kontrastea, kontraesana eta konfrontazioa dira” [7]. Kontrastearen, kontraesanaren edo konfrontazioaren zer adibide daude obra honetan? Zer ikas dezakegu gizarte txinatarraren inguruan obra honetan agertzen diren objektuen arteko harremanak behatuta eta aztertuta?

Erakuts iezaiezu Chen Zhenen Bat-bateko erditzea (1999).

Eskatu ikasleei azaltzeko zer erreakzio izan duten obra ikustean. Zer ezaugarri formalek (kolorea, tamaina, forma eta posizioa) eragiten dituzte pertzepzio horiek?

Eska iezaiezu Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera / Zoriontasunera iristea eta Bat-bateko erditzea alderatzeko. Zer neurritan dira antzekoak obrak materialen erabilerari, ezaugarri formalei eta kontzeptuari dagokienez? Eta zer alde daude bi obren artean?

Jarduerak

Artistaren beraren hitzetan, Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera / Zoriontasunera iristea obrak zalantzan jartzen du “naturaren, tradizio budistaren eta Asian kontsumo-ondasunak bizkor ugaritzearen arteko harremana”. Eskatu ikasleei budismoaren oinarrizko printzipioak ikertzeko, eta eztabaidatzeko zer neurritan dauden harmonian edo gatazkan balio budistak eta areagotuz doazen kontsumismoa eta materialismoa.

Eska iezaiezu ikertzeko zer sinbolizatzen duen dragoiak Txinako kulturan eta historian. Zer kontraste sortzen dute bizikleta eta autoek eta dragoiaren forma eta esanahi tradizionalek? Eska iezaiezu tartean diren indar kontrajarriak deskribatzeko: iragana eta oraina, modernitatea eta tradizioa, betiereko sinboloak, eta urbanizazio eta hazkunde ekonomiko oso bizkorrak. Nola islatzen du kontrasteen irudi horrek Txinaren egungo egoera? Zein dira gaur egun gure gizartean dauden egoera kontrajarrien adibideetako batzuk?

Bai Fu Dao/Fu Dao, Buda buruz behera / Zoriontasunera iristea bai Bat-bateko erditzea berariaz kokapen baterako sortutako instalazioak dira; hortaz, aldatu egiten dira museo, galeria edo tokiaren arabera. Eskatu ikasleei obretako bat aukeratzeko eta Guggenheim Museoa ez beste toki batean instalatuz gero izango lukeen itxuraren marrazki bat egiteko. Zer itxura izango luke museo bat ez den beste toki batean instalatuta egongo balitz? Zer itxura izango luke aire zabalean instalatuta egongo balitz? Nola aldatzen da obraren esanahia testuinguruaren arabera?

HIZTEGIA

Budismoa: Erdialdeko eta Ekialdeko Asiako erlijioa, Siddhārtha Gautamaren ikasbideetatik sortua. Haren arabera, sufrimendua ezin da bereizi bizitzatik, eta, hartatik libre geratzeko, jakinduria, bertutea eta kontzentrazioa landu behar dira.

Instalazio artistikoa: hiru dimentsioko arte modu handia, erakusketa-espazio zehatz baterako diseinatutakoa. Maiz, instalazioa aurkitutako edo fabrikatutako material batzuez osatuta egoten da, eta material horiek muntatu egiten dira giro espezifiko bat sortzeko.[8]

BALIABIDEAK

Chen, Zhen, Chen Zhen: Shanghai Art Museum: 2/25/2006–3/19/2006, erak. kat., Shanghai Art Museum, Shanghai, 2006.

Elliott, Mark C, Population 1.3 Billion: China Becomes a Superpower, Scholastic, Franklin Watts, New York, 2009.

Guerrero, Antoine, Chen Zhen: A Tribute, erak. kat., P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York, 2003.

Lafer, Ilse (arg.), Chen Zhen: The Body as Landscape, Kunsthalle Wien, Viena, 2007.

Association Des Amis De Chen Zhen: https://www.chenzhen.org/

VTV Classics (r3): Chen Zhen: The Body as Landscape at Kunsthalle Wien: https://www.youtube.com/watch?v=4qGnVusiRNc

Chen Zhen “Fragments d’éternité”: https://www.youtube.com/watch?v=lqLNIxqX730

 

OHARRAK

[1] “An Interview with Chen Zhen”. Egilea: Eleanor Heartney, hemen: Chen Zhen: A Tribute, Antoine Guerrero (arg.), erak. kat., P.S.1 Contemporary Art Center, Long Island City, New York, 2003, 16. or.

[2] Ikus “Chen Zhen”, Center for Contemporary Art Kitakyushu, http://cca-kitakyushu.org/gallery/19970804_chen/?lang=en.

[3] Zhen, Chen, “The Resounding Silence”, Jerome Sans-en elkarrizketa, hemen: Chen Zhen, erak. kat., Shanghai shu dian chu ban she, Shanghai, 2006, 76. or.

[4] Ikus “Chen Zhen”, Center for Contemporary Art Kitakyushu, http://cca-kitakyushu.org/gallery/19970804_chen/?lang=en.

[5] Chen Zhen: Shanghai Art Museum: 2/25/2006–3/19/2006, erak. kat., Shanghai Art Museum, Shanghai, 2006.

[6] Ikus Lum, Ken, “Encountering Chen Zhen”,hemen: Chen Zhen: The Body as Landscape, Ilse Lafer (arg.), Kunsthalle Wien, Viena, 2007, 78. or.

[7] “An Interview with Chen Zhen”, hemen: Chen Zhen, 16. or.

[8] Merriam-Webster’s Collegiate Dictionary hiztegiaren egokitzapena (11. edizioa)

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA