Denda (The Store) eta Etxea (Home)
Telefono biguna (Soft Pay-Telephone), 1963
Miraguanoz betetako biniloa, margotutako zurezko panelaren gainean muntatua
118,2 x 48,3 x 22,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, dohaintza: Ruth eta Philip Zierler, William S. Zierler hildako semearen omenez, 1980 80.2747
“Artea egitean, gizakiok sentitzen duguna bertan jaso nahi duzu. Uste dut gizakion esperientzia salbatzen duen bakarra umorea dela. Umorerik gabe ez litzateke oso dibertigarria izango”. —Claes Oldenburg (1)
Kalea aurkeztu eta gutxira, 1961ean, Claes Oldenburgek Denda (The Store) hasi zuen. Hiriko kaleko giro zatar zabaletik dendako giro sasi pribatura egin zuen Oldenburg. Manhattango denda bat alokatu zuen 1961eko udan eta bertan egin, erakutsi eta saldu zituen bere artelan objektuak.
Inguruko iragarkietatik eta dendetatik edan zuen objektu horiek egiteko, esaterako, honakoak: zigarreta-pakete bat, panti gorri batzuk eta hanburgesa batzuk. Igeltsuz bustitako muselinaz baliatu zen, alanbrezko egituren gainean jarrita itxura emateko; azkenik, pintura distiratsu eta biziaz han-hemenkako pintzelkada batzuez margotu zituen. Objektu horiek sabaitik eta hormetatik zintzilikatu eta zoruan zein erakusmahaietan ipini zituen. Gainera, dendako errotulua egin zuen, baita kutxa erregistratzaile bat ere; azken horri dendako “bihotz hotza” esaten zion. Objektuek ezaugarri antropomorfoak hartu zituzten: adibidez, Gaztazko bi hanburgesa, denetarik dutela (Hanburgesa bikoitzak) [Two Cheeseburgers, with Everything (Dual Hamburgers), 1962] laneko hanburgesek bi aho zabal-zabal goseti ematen dute, eta Nesken soineko bi (Two Girls’ Dresses, 1961) korrikan ari diren bi nesken irudia gogorarazten du. Beranduagoko Dendaren bigarren aurkezpenean, eskultura bigunak egin zituen, garaiko emazte Patty Mucharen laguntzaz; horren adibide dugu eskala handitutako eta hainbat materialez betetako olanazko Zoru tarta (Floor Cake) eta Zoru kukurutxoa (Floor Cone), biak 1962koak.
Denda ohiko galerien oso bestelako gunea izan zen (gerora Oldenburgen monumentu publikoek ere eginkizun hori bete zuten), kapitalismoaren sistema hankaz gora jarri zuen, eta arte jasoaren eta behekoaren eta galeriaren eta bigarren eskuko denden arteko aldea ezeztatu zuen. Haren artelanak —material sinplekoak, kolore bizikoak eta eguneroko objektuen irudikapenak— ez zuten ohiko museo-objektuen itxura. Oldenburgek esan zuenez “Museoa erakunde burgesa da. Denda, berriz, haren azpian dago; beraz, erakunde burges bihurtzetik babestuta dago” (2).
1963an, Kalifornian zela, gune pribatuago bateko objektuetan arreta jartzen hasi zen: Etxea (Home, 1963) gaia hasi zuen. Multzo horretako objektuen egiturak eta itxurak ez zuten zerikusi handirik Kaleko eta Dendako objektuekin: bat bera ere ez zen eskala errealekoa, gutxi batzuk zeuden kolore biziz margotuak eta asko binilo distiratsuko estalkia zuten. Ezaugarri horiek etxeko objektu arrunt-arruntak arrotz bihurtu zituzten; erabili ezin zitezkeen objektu antropomorfoak ziren. Objektuen tamaina erraldoiak (bertsio batzuk kartoizkoak ziren eta besteak binilo distiratsukoak), bisitariak ipotx bihurtzen zituen.
Telefono biguna (Soft Pay-Telephone, 1963) Oldenburgen eskultura bigunetako bat da. Binilozko azalera distiratsuak industriako material gogorrak dakartza gogora, esaterako, metala eta plastikoa. Izan ere, telefono bat material horretaz egindakoa izan ohi da; baina erorita dagoenez, makal eta zimel, hura erabiltzea ideia barregarria da. Oldenburgek askotan eskultura bigunen bertsio ugari egin zituen: kartoiz eta zurez egindakoei “bertsio gogor” esaten zien, eta olanaz egindakoei “mamu bertsio”. Bertsio horien materialek artisautzarekin zerikusia dute, baina Telefono biguna laneko biniloa lotura argia du garai hartako material industrial berriekin; bada, ohikoagoak ziren etxeko gauzak egiteko, ekoizpena merkeagoa, eta azkarragoa zen eta objektuen itxura “garbiagoa”.
1. “Claes Oldenburg: The Sixties,” YouTube-ko bideoa, 2 min 52 s, mumokvienna erabiltzaileak igota 2012ko martxoaren 14an.
2. Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka, Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012, 8 or.
Preguntas
Denen artean aztertu Telefono biguna. Zer ikusten dute ikasleek? Materialen, eskalaren eta formaren inguruan hausnartu behar dute. Eskatu objektu hori erabiltzen euren burua imajinatzeko. Zer gertatuko litzateke?
Eskatu Telefono biguna benetako telefono batekin alderatzeko. Zer alde eta antzekotasun dago?
Askok diotenez, Oldenburgen lanak antropomorfoak dira, hau da, gizakion ezaugarriren bat dute. Horrelako ezaugarririk ikusten al dute Telefono biguna lanean? Artelana mugituko balitz, nola mugituko litzateke?
Eskultura hau Oldenburgen Etxea sailekoa da; serie horretan etxeko objektuen eskulturak egin zituen, tartean, arreta handirik eskaintzen ez diegun objektuenak, esaterako, entxufeenak. Galdetu ikasleei etxeko zein objektu bihurtuko lukete eskultura eta zergatik.
Oldenburgek esan du “Artea egitean gizakiok sentitzen duguna bertan jaso nahi duzu. Uste du salbatzen gaituen bakarra umorea dela. Umorerik gabe ez litzateke oso dibertigarria izango”. Eskatu ikasleei aipu horren inguruan hausnartzeko; zer harreman du lan honekin? Zer Telefono biguna da barregarriagoa: biniloz (hau da, plastikoz) egindakoa ala olanaz, oihal mota batez, egindakoa? Hemen ikus dezakezuen Telefono biguna (mamu bertsioa) [Soft Pay-Telephone (Ghost Version), 1963] oihalezkoa da.