Ding Yi

Ding Yi, Gurutzeen itxura 1991-3 (Appearance of Crosses, 1991)

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia Txinako arte garaikideari buruzko erakusketa handi bat da, eta Txinaren nahiz munduaren azken urteotako historiaren aldi eraldatzaileena aurkezten digu: 1989tik 2008ra bitartekoa. Gerra Hotza amaitu eta globalizazioa agertu zenetik Txina munduko potentzia gisa gorantz hasi eta 2008an Pekinen Joko Olinpikoak izan ziren arte luzatzen da aldi hori. Erakusketan lehen mailako 70 bat artista eta talde txinatarrek hartzen dute parte, eta 150 obra esperimental inguru ikus daitezke, era guztietakoak: zinema eta bideoa, instalazioak, pintura, eskultura, argazkilaritza eta performancea, arte sozialki konprometitua eta arte aktibista. Erakusketa sei atal tematiko eta kronologikotan banatuta dago eta Museoaren bigarren solairu osoa hartzen du.

“Nire asmoa ez da berariaz zaila den zerbait egitea […] Niretzat, erronka handiena da neure burua adierazteko hizkuntza berri bat aztertzea, ez teknika sinplifikatzea.”[1]

“Beharrezkoa iruditu zitzaidan bai kultura txinatar tradizionalaren oztopotik bai mendebaldeko lehenengo modernismoaren eraginetik urruntzea artearen abiapuntura itzultzeko eta, literalki, hutsetik hasteko.”[2]

Ding Yi 1962an jaio zen Shanghain eta inprimategi batean egin zuen lan, 1983an Shanghaiko Arte eta Lanbideen Eskolan graduatu aurretik. 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zen lan guztietan gurutzeak sartzen. Shanghaiko Unibertsitateko Arte Ederren Saileko ikasle zela, esperimentu piktorikoen serie bati ekin zion, Gurutzeen itxura izenekoa. Serie hartan, “x” eta “+” formak erabiltzen zituen behin eta berriro, pintura eta diseinua adierazpen modu bakarrean fusionatzeko asmoz.

Gurutzeen itxura, 1991-3 (1991) Dingen bilakaera artistikoaren lehenengo etapa horren adierazgarri da; Dingek berak “zehaztasun teknikoko fasea” esaten dio etapa horri [3]. Askotan, honen moduko obra bat pintatzen hasi baino lehen, kalkulu konplexuak egiten zituen konposizioaren azpiko egitura bat diseinatzeko. Prozesu piktorikoan, testura kentzen zien pintzelkadei, baita esanahia edo emozioa ere. Nahasi gabe aplikatzen zuen pintura, zuzenean hoditik hartuta, eta erregelak, zinta itsaskorra eta estilografoak erabiltzen zituen lerroak eta koloreak ahalik eta zehatzenak izan zitezen; horren guztiaren bidez, inprimaketa mekanikoaren eta diseinu industrialaren antzeko efektua lortu nahi zuen.

Diseinu-metodo oso arrazionalak aplikatuz, “pinturak ez ziruditen pinturak egiten” [4] saiatzen zen Ding, eta, azken hogeita hamar urteotan, pintura abstraktuak soilik sortu ditu etengabe, gurutze txikietatik abiatuta. Haren obra gehienetan, + zeinua errepikatzen da, geruza, kolore eta errotazio-gradu desberdinetan gainjarrita: eskuz pintatutako sinbolo txiki-txikiek mihise handien gainazal osoa hartzen dute; horretarako, zehaztasun, arreta eta gaitasun tekniko handia behar da. Nahiz eta Dingen metodoek pinturaren ikuspegi arrazionala islatzen duten, batzuen ustez guztiz bat dator Txina komunista aldakorrean hiri-ingurunea izaten ari den garapen industrialarekin.

Preguntas

Erakutsi Ding Yiren obra, Gurutzeen itxura 1991-3 (1991). Obra hau ikasgelan erakusten baduzu, saiatu denbora errealean proiektatzen. Galdetu ikasleei zer erreakzio izan duten obra ikustean. Haien ustez, nola egin du artistak?

Dingek hausnarketa eta introspekzio gisa ikusten du bere obra, eta baztertu egiten ditu narrazioa eta irudikapena bere jarduera artistikotik, baina jakina da ikusleek era guztietako loturak egin dituztela haren pinturekin. Formen koloreak, banaketa eta dentsitatea kontuan hartuta, haren pinturek ratanezko zerriak, ehunak, kamuflaje militarra, QR kodeak, sinbolo matematikoak edo haren jaioterriaren (Shanghai) aireko ikuspegiak ekartzen dizkigute gogora. Galdetu ikasleei pintura honek zerbait gogorarazten dien. Eska iezaiezu obrak iradokitzen dizkien loturen zerrenda egiteko.

Zaila da Dingek “x” eta “+” erabilita sortu dituen formak bereiztea obra bakarra behatuta. Bilatu irudiak Googlen; bertan, hiru hamarkadatan baino gehiagotan zehar Dingek sortu dituen obra ugari aurkituko dituzu; haietan guztietan, hain oinarrizkoak diren sinbolo horiek erabili ditu. Eskatu ikasleei azaltzeko nola aldatu den Dingen obra urteen poderioz. Zer neurritan du eragina haren beste obra batzuk ikusteak pintura isolatu honen pertzepzioan?

Behatu arretaz Gurutzeen itxura 1991-3 (1991), eta eskatu ikasleei pieza hau sortzerakoan Dingek egin izan ditzakeen urratsen zerrenda bat prestatzeko. Orain, ikusi “What’s Left to Appear”. Bideo labur bat da, ingelesez, eta bertan Ding agertzen da lanean. (http://www.timothytaylor.com/exhibitions/ding- yi-1/). Nola eragiten du bideoa ikusteak ikasleek artistaren obraren aurrean duten erreakzioan?