Dokumentatu eta errepikatu
Artearen bidez naturarekin zer nolako harremana dudan aztertzen dut gaztetan aberritik eraman nindutelako. Nire silueta naturan marratzeak aberritik etxe berrirako iragaitea eragiten du. Nire erroak aldarrikatzeko eta naturarekin bat egiteko modua da. Bizi naizen kultura nirea den arren, nire erroak eta kultura-identitatea ondare kubatarraren ondorio dira1.
1970eko hamarkadaren hasieran artistek performancera jo zuten, arte mota hori galerietako hormetatik at existitu baitaiteke. Ondorioz, zuzeneko emanaldiak nola grabatu eta berriro eman kezka nagusi bihurtu zen eta argazki, film zein bideo bidezko dokumentazioa performance artearen osagarri garrantzitsu. Une labur batean baino existitzen ez ziren artelan batzuk irudien iraunkortasunaren baitan zeuden euren esangura zabal zedin, inoiz, euren izate bera ere jakin zedin. Artista askorentzat dokumentu horiek aztarren bilakatu ziren, euren esanahia estuki lotzen baitzitzaion iraganean jada galduta zegoen esperientzia bati.
Ana Mendieta (Habana, 1948-New York, 1985) artistaren argazkiak performance eskultoriko pribatuen dokumentazioa dira. Performance horiek paisaian egin zituen, naturak iradokitzen duen berritzeko joera eta emakumezkoaren ahalmena irudikatzeko. 1974an hasi zituen Siluetak saila (Silueta Series) lanak egiteko AEBko Iowa estatuko eta Mexikoko inguru naturaletan izan zen. Bertan, bere silueta zizelkatu eta itxuratu zuen lurrean; hala, bere gorputzaren aztarna sorgingarriak utzi eta horiek loreekin, zuhaitz-adarrekin, lokatzarekin, bolborarekin eta suarekin apaindu zituen. Silueta tipologia taxutu zuen: besoak buru gainetik luzatu zituen lurraren eta zeruaren batzea irudikatzeko, uretan flotatu zuen lurraren eta itsasoaren arteko tarte txikiena adierazteko eta eskuak gora eta hankak itxita, arima galdu bat azaltzeko. Askotan, gorputza bera ez da ageri, baina horren aztarnak paisaiari hertsiki atxikita dirau. Izan ere, paisaia horrek gogora ekartzen du argazkiak izaera konplexua duela, gaia egotearen eta ez-egotearen artean kateatua dagoen objektua baita. 1978rako Silueta lanak egitetik antzinako jainkosen irudiak egitera igaro zen: harrian irartzen zituen, hareaz eraiki edo buztinezko geruzetan zizelkatu.
Kubatik erbesteratu eta Iowako umezurtz-etxe batera bidali zuten Ana Mendieta 12 urte zituenean. Bizipen traumatiko horrek ikaragarri eragin zuen haren artean. Bere artearen bidez, naturarekin eta paisaiarekin lan egitean, aberritik etxe berrirako iragaitea erraztu zezakeela sentitzen zuen. Bere jatorriarekin loturak gordetzeko erritu afrokubatarretan eta santería sinesmen-sistema panteistan zuen interesa eta garaiko jardute estetikoak, hala nola, lurrezko lanak, gorputz-artea eta performance artea, uztartu zituen.
Oharra
1 Argitaratu ez diren Mendietaren oharrak, honetan aipatua: Charles Merewether, From Inscription to Dissolution: An Essay on Expenditure in the Work of Ana Mendieta, in Coco Fusco (arg.), Corpus Delecti: Performance Art of the Americas, Routledge, Londres, 2000, 131. or.
Preguntas
- Zer adierazten dute argazkiek Mendietaren interesei buruz? Zerk edo zein ezaugarrik ematen du informazio hori?
- Argazki horiek Siluetak saila deitzen dira. Zer da silueta bat eta zer lotura du irudi hauekin?
- Mendietak askotariko lanak egin zituen, arte mota asko jorratu zituen: gorputz artea, lurrezko lanak, performance artea eta argazkigintza, esaterako. Begiratu horien definizioa eta gero aztertu zer lotura duten Mendietaren lanekin.
- Mendietaren lanek oinarri dituzte objektu eta gertaera iragankorrak, hau da, une batez besterik ez iraun zutenak. Zergatik sortzen dituzte artistek aldi baterako lanak? Zergatik aldakorrak direnak? Zuen ustez, garrantzitsua al da Mendietak argazkiak egin izana haren lanak dokumentatzeko? Zergatik?