image

Erretratua

Pinturak indar jainkotiarra du eta gure artean ez dagoen pertsona berriro ekartzeaz gain -adiskidetasunaren inguruan ere hala esaten da-, mendeak direla zendu zena bizidunen aurrean aurkezten du eta hala, ikusleek gozatzen dute eta artistarekiko mirespena sortzen da. [...] Egiazki, pinturaren bidez, hildakoen aurpegiek bizitza apur bat gordetzen dute luze.8

Erretratuen artea XVII. mendean garatu zen iparraldeko probintzietan. Erreformak, humanismoak, Espainiarekiko independentziak eta merkataritzarako aukerek gizartea hiritar eta ikasi bihurtu zuten eta hobetze nahiaren bidez norberaren patuaren jabe izan zinatekeelako sinesmena hedatu zen. Erretratuak pertsona batek lortutako omenaren adierazle ziren eta haren bizitzaren, arrakastaren eta gizartean zuen lekuaren betiereko erregistro9. Erretratuak arte-merkatu bizian sartu ziren, aginduz asko eskatzen ziren eta garestiak ziren, nahiz eta garai hartako merkatariek horrelakoak eros zitzaketen.

Hori dela eta, ez da harritzekoa Urrezko Aroko pintore handiak erretratuengatik ezagunak izatea, esaterako Rembrandt Harmensz van Rijn (1606-69) eta Frans Hals (1580-1666). Biek ardura zuten erretratatu behar zutenen sentipenak jasotzea10 eta antza zuen irudi bat pintatzeagatik ordaintzen zitzaien. Bi helburu horiek bete zituzten, bakoitzak bere erara. Aurpegierak edo arroparen xehetasunak margotzeko kodetutako metodoak baliatu beharrean, euren moduak garatu zituzten erretratatu behar zutena arretaz aztertu eta Holandako eta atzerriko arte zaharragoa ikertu ondoren. Rembrandtek adierazgarri zuen argia konposiziorako elementu espresibo gisa erabiltzea eta Halsek pintzelkada bizia.

Erretratuetan janzkerak, jarrerak, objektuek eta agertokiak erretratatutako pertsonak gizartean zuen lekua adierazten zuten. Atzealdea hutsa eta neutroa zen batzuetan, arropak eta aurpegiera gailen zitezen; bestetan, aldiz, pertsona nabarmentzen zen objektuen eta egunerokoa edo ogibidea aditzera ematen zuen giroaren bidez. Azken mota horretako erretratuek giro-erretratu izena dute eta holandar batzuen, esaterako Rembrandten, berezitasuna ziren. Norbanakoen erretratuek ez zuten beti erdi-klase berria gai; pertsona apalen edo baztertuen erretratuak ere bazeuden, baita artistaren senideak edo artista bera irudikatzen zituztenak ere. Rembrandt bereziki ezaguna da bizitza osoan zehar egin zituen autoerretratuak direla eta; horiek bere sentipenen eta egoeraren nondik norakoak azaltzen dituzte11.

Erretratuak egiteko ez zegoen estilo bakar eta zurrunik; aitzitik, garaiaren araberako ohiturei egokitzen zitzaizkien. 1630eko hamarkadan holandarrak jantzi ilunagoak erabiltzen hasi ziren eta hein horretan galdu zuten bizitasuna pinturetako koloreek eta neurritsuago bihurtu ziren margoak. Gizon baten erretratua eta Emakume baten erretratua (1638ko Halsen bi lan) azpi-mota baten adibide dira: senar-emazteen erretratua. Horrelako lan batzuetan bikotekideak mihise bakarrean dauden arren -maiz beste artista batek margotutako paisaia bat dutela-, askotan kide bakoitza pintura batean dago; koadroak ondoz ondo zintzilikatzean, baina, batak besteari begiratzen diote. Halsen lan horietan agertzen diren pertsonak hiritar dirudun bat eta haren emaztea dira. Haien jarrerek eta jantziek haien estatusa adierazten dute, giro-erretratuen osagairik eta agertokirik gabe. Ez dakigu nor diren, baina Johann Friedrich Städel-en ustez, hots, pinturak erosi zituen bildumagilearen ustez, Peter Paul Rubens (1577-1640) eta haren lehenengo emazte Isabella Brant dira12.

Frans Hals, Gizon baten erretratua, 1638. Olio-pintura haritzezko taula gainean (obala), 94,5 x 70,3 cm. Städel Museum, Frankfurt am Main
Frans Hals, Emakume baten erretratua, 1638. Olio-pintura haritzezko taula gainean (obala), 94,5 x 70,2 cm. Städel Museum, Frankfurt am Main

Oharrak:
8 Alberti, Leon Battista: De la pintura (1435), UNAM, Mexico, 1996, 99. or.
9 Rose, Barbara: The Golden Age of Dutch Painting, Praeger, New York, 1969, 105. or.
10 Kahr, Madlyn Millner: Dutch Painting in the Seventeenth Century, 2. argt., IconEditions, New York, 1993, 97. or.
11 Ibid., 115. or.
12 Städel Museum: www.staedelmuseum.de/sm/index.php?StoryID=1&websiteLang=en

Preguntas

  • Galdetu ikasleei: nola jantziko lirateke haien eta senideen erretratu formal bat egingo baliekete? Zergatik? Jantziek garaiaren inguruan zer emango lukete aditzera? Zer jarrera eta aurpegiera hartuko zuten euren nortasuna islatzeko?
  • Bi erretratuak arretaz begiratu eta eztabaidatu zer ikusten duzuen. Deskribatu jantziak albait zehazkien. Zer ezberdintasun dago zuen arropekin alderatuta?
  • Emakumeak goleta bat darama lepoan, XVI. eta XVII. mendeetan modan egon zen apaingarria. Zer alde dago garai hartako emakume baten eta egungo emakume baten bizitzen artean?
  • Erretratua modari egokitzen zaio eta moda, maiz, kultura-aldaketei. Alderatu erretratu hauen jantziak eta Halsek 15 urte lehenago egin zuen Zaldun irribarretsua (1624). Galdetu ikasleei pertsonaia horiek eta modak garaiaren inguruan zer adierazten duten. Materialen, koloreen eta osagarrien inguruan eztabaidatu behar dute.
  • Erretratatutakoen jarrerak eta aurpegierak deskribatu. Hals ezaguna zen erretratatzen zituenen banakotasuna bikain jasotzen zuelako. Nola lortu zuen lan hauetan? Zer nortasun zuten, zuen ustez?
  • Pertsona hauek erabaki zuten euren bizimoduaren eta ogibidearen aztarnarik ematen zuten objektuak eta agertokia ez azaltzea. Atzealdea ikusiko balute, ikasleen ustez zer ikusiko lukete? Zer atzealde aukeratuko zuten euren erretratuetarako?