oteiza

Esferaren desokupazioaren entsegua

Jorge Oteiza
Esferaren desokupazioaren entsegua
Altzairu forjatua
50 x 49 x 39 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

“Arte garaikide guztia ari da isiltasun- eta ezabatze-diziplina batean sartzen, hutsune berri batera ateratzeko”[1].

Artista autodidakta, Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908–Donostia, 2003) 1947an itzuli zen Euskal Herrira, Hego Amerikan denbora luzez egon ondoren. Orduan hasi zen berak hala izendatutako “asmo esperimentala” lantzen: materiaren desokupazioan oinarritzen zen eskultura lantzeko modu partikular bat. Espazioak funtsezko papera bereganatzen du eta ikusleak paper aktiboa hartzen du eskulturaren hutsaren aurrean.

Gorputz bati masa kenduz esperimentatzen zuen Oteizak, espazioa bera desokupatuz, masa horrek bere atzean uzten duen hutsuneari errepara diezaiogun. Barnehuts edo hutsune horrek, bere masaren parte handi bat kentzean agertzen denak, energia handi bat sortzen zuen Oteizaren ustetan. Sagar bati kosk egiten dioguneko adibidearekin konparatu zuen efektua artistak. Haginkadaren ondoren gelditzen denak jada existitzen ez den masaren erregistro gisa funtzionatzen du, orain espazioak betetzen duena.

Esperimentazio-ideia horietatik abiatuta, irudi geometrikoen huste-prozesua jartzen zuen martxan, kuboa, zilindroa eta esfera landuz adibidez. Oteizak maketa txikiak multzokatzen zituzten entsegu-segidetan oinarritzen zuen lan hori, eta “familia esperimental” izena eman zien. Eredu horien artean adierazgarrienak bakarrik ziren amaieran eskala handiagoan egiten zirenak.

Urte horietan, eta Esferaren desokupazioa bildumaren baitan, Hillargia (1957) eta Esferaren desokupazioaren entsegua (1958) lanak gauza zituen. Lan horietan unitate arinak fusionatu edo akoplatu zituen Oteizak, soldatzea eta forjaketa tekniken erabileraren konbinaketaren bitartez. Eraikitze dinamikoak dira sortutako eskulturak, eta forma kurboak espazio-orientazio desberdinekin konbinatzen dituzte, mugimenduaren ideia deituz. Mugimenduaren ikerketa bat da lehen lana, eta, aldi berean, ilargiaren faseei egiten die erreferentzia. Bigarrena, Esferaren desokupazioaren entsegua (1958) lana, bilduma horren amaieratik gertu dagoen fase batean kokatzen da. Mugimendu zentrifugo bat ematen du aditzera, espazio aktibo bat edo nukleo bat sortzen duena, Oteizarentzat beti esanahi metafisikoa izan zuen kontzeptu bat.

Gorputz geometriko anitzekin esperimentatu ondoren, kuboan aurkitu zuen artistak bere ikerketan planteatzen den problematikaren irtenbidea: energia izpiritualez bete daitekeen espazio huts baten definizioa. “Kutxa metafisikoek” espazio misteriotsu eta ilun bat sortzen dute beren baitan, eta, marmolezko edo harrizko oinarri baten gainean kokatzerakoan, artistak bilatzen zuen sentsazioa sortzen laguntzen dute: espazio sakratu bat. Barnehutsa edo hutsunea espazio sakratutzat jotzearen ideia, babes-espaziotzat hartzearena, bere haurtzaroko esperientzietan oinarritzen da hein batean. Artistak berak gogoratzen zuenez, bere jaioterriko Orioko (Gipuzkoa) hondartzako harea zeramaten gurdiek egiten zituzten zuloetan uzkurtu ohi zen. Eta, handik, zuloaren hondotik bertatik, zeru urdin eta argiari begiratzen zion, hondarrak bere buru gainean marrazten zuen zirkuluaren barnean.

1959an, jardun artistikoan urte luzez ibili ondoren, bere esperimentazioa ahal bezain urrun eraman zuela ondorioztatu zuen Oteizak, eta alde batera utzi zuen eskultura, ikerketa teorikoan eta kultura-, hezkuntza- eta politika-aktibismoan ardazteko.

Preguntas

Begiratu arretaz eskulturari. Zer ikusten duzue? Zein hitz erabiliko zenukete deskribatzeko?

Zerrendatu eta marraztu ezagutzen dituzuen irudi geometrikoak. Oteizak irudi geometriko askorekin esperimentatu zuen bere eskulturak sortzeko. Eztabaidatu irudien ezaugarrien inguruan: zein irudi iruditzen zaizkizue estatikoagoak ala dinamikoagoak, astunagoak ala arinagoak, hutsagoak ala beteagoak…? Eskultura hau mugimenduan jarriko balitz, nola mugituko litzateke?

Deskribatu eskultura honen materiala: altzairu forjatua. Posible izanez gero, altzairu-zati bat erakutsiko du irakasleak eta berau ukitzeko aukera emango die ikasleei. Deskribatu haren ezaugarriak. Zein sentsazio izango zenukete, aukera izanez gero, eskultura ukitzeko aukera izango bazenute? Deskribatu pausuz pausu nola sortu ahal izan zen eskultura hau.

Oteizak solidoak hutsunearekin nola erlazionatzen ziren ikertu ohi zuen. Nola definituko zenukete hutsunea? Begiratu eskulturaren barruan dagoen espazioa. Imajinatu eskulturaren barruan zaudetela. Zer sentituko zenukete? Zergatik?